Gizartea -

Iragarpena

Urtea izotzarekin, hotzarekin eta zeru urdinekin hasi da

Ostiral goizera arte egongo da indarrean hotzak eta izotzak eragindako abisu horia EAEn. Nafarroan ere tenperatura negatiboekin egin diote harrera urte berriari.

Urbasa. Argazkia: EFE.
Urbasa. Argazkia: EFE.
Urbasa. Argazkia: EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2014ko azken egunen ildotik, 2015a izotzarekin, zeroz azpiko tenperaturekin eta zeru urdinekin heldu da EAEra eta Nafarroara. Bi lurraldeetan, indarrean izango dira hotzak eta izotza egiteko arriskuak eragindako abisuak. Ostiral goizerako, aldiz, aurreikusita dago abisu hori indargabetzea, asteburuaren atarian.

EAEko barnealde eta kostaldea abisu horian dago 10:00ak arte izozteengatik. Arratsaldean, berriz ezarriko dute abisua. Iragarpenen arabera, indarrean izango da ostiral goizera arte..

Nafarroan, 2015eko lehen orduetan -4 eta -6 graduren arteko minimoak erregistratu dituzte. Hori dela eta, indarrean egongo da, EAEn bezala, izotzak egiteko arriskuak eragindako abisua.

Hala, ildo beretik jarraituko du eguraldiak urtarrilaren 1 honetan. Egunaren hasieran hotz handia eta izotza egin du. Goizean goizeko lainoak altxatuta, oskarbi dago zerua. Arratsaldetik aurrera, baina, goi-hodeiak ugarituz joango dira. Goizean termometroak gora egingo du apurka-apurka eta maximoak aurreko egunetan baino altuagoak izango dira; isurialde atlantikoan 10ºC-tik gorakoak izango dira hainbat tokitan.

Ostiralean, urtarrilak 2, hodei batzuk agertuko dira zeruan, batez ere goizean; erdi mailako hodeiak eta goi-hodeiak izango dira eta ez dute ondoriorik ekarriko. Arratsaldetik aurrera erdi mailako hodeiak desagertu eta goi-hodeiak soilik geratuko dira zeruan. Edozein kasutan, giro eguzkitsua espero da, tarteka hodeiak ugariak izan arren. Tenperaturak gora egingo du; minimoek hotzak izaten jarraituko dute baina kostaldean eta isurialde atlantikoko zenbait tokitan ez du izotzik egingo jada. Tenperatura maximoak epelagoak izango dira, 10ºC-tik gora hainbat lekutan. Haizeak mendebaldeko ukitua edukiko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguraldia Bilbao