Gizartea -
2013an baino hiru gutxiago
1.131 pertsona hil ziren Espainiako errepideetan, 2014an
Guztira 981 istripu larri gertatu ziren 2014an. Ezbehar horietan 4.874 lagun larri zauritu ziren. Egunik tragikoena azaroaren 8a izan zen; izan ere, 23 pertsona hil ziren.
Erredakzioa
1.131 pertsona hil ziren Espainiako errepideetan, 2014an. Honenbestez, 2013an baino hiru pertsona gutxiago hil dira. Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak behin behineko balantzea azaldu du gaur.
Fernandez Diazek eta Maria Segui DGTko zuzendari nagusiak prentsaurrekoa eman dute. Barne ministroaren hitzetan, “azken urteetako joera baieztatu dute datuek”. Politikak “fruituak ematen ari dira”, erantsi duenez.
Gainera, 981 istripu larri gertatu ziren 2014an. Ezbehar horietan 4.874 lagun larri zauritu ziren. Egunik tragikoena azaroaren 8a izan zen; izan ere, 23 pertsona hil ziren. Hala eta guztiz ere, 34 egunetan hildakorik izan ez zela azpimarratu du Fernandezek. 2013an gauza bera gertatu zen, baina 29 egunetan bakarrik.
Ezbehar-kopurua
Ezbehar-kopuruak behera egin du “hamaikagarren urtez jarraian”, nahiz eta joan-etorrien eta turisten kopuruak gora egin (359.789.623 joan-etorri 2014an, 354.219.623 2013an, hau da, 5,57 milioi joan-etorri gehiago, % 1,57).
2014an jazotako hildakoen kopurua 1960koa baino txikiagoa da. Orduan 1.300 pertsona hil ziren errepideetan.
Hildako gehienek errepide arruntetan galdu dute bizitza (% 79), 894 pertsona, 2013an baino 32 gehiago. Autobide eta autobietan segurtasuna hobetu dela azaldu du ministroak. Autobietan hildakoen kopuruak % 14 behera egin du (182) eta autobideetan 6 hildako gutxiago izan dira (55).
Aurten 20.000 droga kontrol egin ditu Guardia Zibilak, eta anfetamina, kokaina eta kalamuarekin lotutako urraketak % 25 izan dira.