Gizartea -
Andeetan hildako mendizalea
Argentinak espedizioa bidali du Osaren gorpua jaisteko
Ostiral goizean abiatu dira, baina bidea oso zaila da eta larunbatera arte ez dute mendizalearen gorpua jaitsiko.
Erredakzioa
Argentinako larrialdi zerbitzuek espedizioa bidali dute Fernando Osa euskal mendizalearen gorpua menditik jaisteko, diplomazia iturriek jakitera eman dutenez.
Espedizioa ostiral goizean abiatu da, baina bidea oso zaila da eta larunbatera arte ez dute mendizalearen gorpua jaitsiko.
Osa bi egunez isolatuta egon zen Ojos del Saladora.
Espainiak Cordoban duen kontsulatuak eta bertako Poliziak jakitera eman dutenez, hala ere, espedizioarentzat "oso zaila" izango da 6.500 metrora iristeko ibilbidea.
Fernando Ossa atzo hil zen Andeetan, bi egunez isolatuta egon ostean, eta Paco Vicario mendizale bizkaitarraren konpainian. Azken horrek, ordea, beheranzko bideari ekin zion Ossa zendu zen unean.
Mendira "oso prestatuta" igotzen zen
Andeetan atzo zendutako Fernando Ossa mendizale donostiarrak ez zuen aurrez istripu larririk izan eta mendira "oso prestatuta" igotzen zen, haren anaiak, Jon Osak azaldu duenez.
Bizkaian bizi eta Zamudioko Parke teknologikoan lan egiten zuen Donostiako familia bateko sei seme-alaben artean nagusiena zen Fernando Osa. Mendizale amorratua, 6.000 metroko mendietan ibilitakoa zen, anaiak azaldu duenez.
Andeetan, Argentina eta Txile artean dagoen Ojos del Salado eremuan, bi egunez isolatuta eta "larri" egon ondoren, atzo zendu zen euskal mendizalea. Berarekin batera zegoen Paco Vicario onik atera da.
Jon Osaren esanetan, gorpua aztertuko duten medikuek zehaztuko dute zerk eragin zuen heriotza.
"Dena ondo bidean", anaiaren gorpua Donostiara ekarri ahal izatea espero du Jon Osak, baina ez du zehaztu noiz izan daitekeen. "Espero dut datorren asterako hemen egotea", agertu du.
Erakundeek familiari emandako babesa eskertu du Fernando Osaren anaiak: "Babes handia izan dugu. Jendeak eta erakunde askok elkartasuna adierazi digute", erantsi du.
Doluminak, Larrabetzuko alkatearen partez
Maria Asun Gaztelu Larrabetzuko alkateak Fernando Osa mendizalearen familiari doluminak helarazi dizkio. Hildako mendizalea Bizkaiko udalerri honetan bizi zen, jatorriz donostiarra zen arren. Gazteluk azaldu duenez, Osaren senitartekoekin harremanetan jartzen ahalegindu dira goiz guztian zehar, alferrik, baina. Hori horrela, Larrabetzuko Udala "une gogor hauetan Osa familiak behar duen horretan laguntzeko prest" dagoela agertu du alkateak.