Gizartea -
Ezbeharra urtezahar-gauan
Getxoko lau etxebizitzatan ezin da bizi sutearen ondorioz
Urtarrilaren 1eko suteak kalte larriak eragin zituen Algortako lau etxebizitzatan. Horrela, ezin izango da etxe horietan bizi.
Erredakzioa
Urtarrilaren 1eko suteak kalte larriak eragin zituen Algortako lau etxebizitzatan, Getxon (Bizkaia). Horrela, ezin izango da etxe horietan bizi, Udalak agiri batean jakitera eman duenez.
Sutearen unean bi etxebizitza hutsik zeuden, sua horietako batean hasi zen. Lehenak denbora asko zeraman hutsik. Bestean ikasleak bizi ziren, baina sutearen gauean ez zeuden etxean.
Beste batean bost kideko familia bat bizi zen. Gauean bertan hotel batera eraman zuten. Laugarrenean emakume bakar bat bizi zen eta senitartekoen etxebizitza batean dago.
Udaleko ordezkariak pertsona guzti horiekin harremanetan jarri dira ostiral honetan. ?Normaltasuna itzuli da, baina urduritasuna ulergarria da bizi izandako egoeragatik?, azpimarratu dute ordezkariek.
Aseguru-etxeak
Era berean, eraikineko administratzailearekin berba egin dute Udaleko ordezkariek. Administratzailea aseguru-etxeekin harremanetan jarri da egoerari ahalik eta lasterren konponbide bat emateko.
Sutearen arrazoiak ezagutzeko suhiltzaileekin harremanetan dago Getxoko Udala. Imanol Landa alkateak oposizioko alderdien bozeramaileei ezbeharraren berri eman die Bozeramaileen Batzordearen bidez.