Gizartea -
Urtezahar-gaua
Petardo batek DJ bat zauritu du kotilioi batean, Gasteizen
Disc-jockeyak une batez entzumena galdu zuen. Urte-amaierako kotilioi batean gertatu zen, Canciller Ayala hotelean. 24 urteko gazte bat atxilotu zuen Udaltzaingoak.
Erredakzioa
Kotilioi bateko disc-jockeya zauritu zen Gasteizen, eta une batez entzumena galdu zuen urtarrilaren 1ean. Petardo handi batek zauritu zuen. Petardoa lokalaren barnealdean jaurti zuten.
Urte-amaierako kotilioia egin zuten Canciller Ayala hotelean. Gertakaria 07:00ak aldera jazo zen. Ustez petardoa bota zuen 24 urteko gaztea atxilotu zuen Udaltzaingoak.
Gaztea inputatuko dute lesioen ustezko delitu batengatik; izan ere, disc-jockeyak salaketa aurkeztuko du.
Bestalde, Udaltzaingoak beste 16 alditan esku hartu behar izan zuen urtezahar-gauan, Gasteizko Udalak agiri batean jakitera eman duenez. Petardoen jaurtiketak sortutako eragozpenak salatu zituzten herritarrek.
Sua
Gainera, suhiltzaileak eta Ertzaintza Batzar Nagusietako kalean izandako sute bat ikertzen ari dira. Antza denez, bengala bat etxebizitzan sartu zen.
Suak etxeko terrazan eta ondoko egongelan kalteak eragin zituen. Gainerako egongeletan kea zabaldu zen.