Gizartea -
gertaera Bizkaian
Gazte bat konorterik gabe utzi dute Portugaleten jipoi handia emanda
28 urteko portugaletetarrak etxerako bidea hartu zuen, Gabon Zahar Gaua lagunekin igaro ostean eta, ezustean, kolpe handia jaso zuen aurpegian eta buruan, masailhezurra hautsita.
Iker Gonzalez | eitb.eus
Gazte bat konorterik gabe utzi zuten buruan eta aurpegian kolpe handia emanda, urtarrilaren 1ean, Portugalete herri bizkaitarrean, eta masailhezurra hautsi zioten erasoan. Horren ondorioz, ospitalera eraman behar izan zuten, ebakuntza egin ziezaioten.
Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez, erasoa Urteberri egunean izan zen, 11:30ean, kalean eta ustekabean.
Antza denez, gazte (28 urte) portugaletetarrak etxerako bidea zuen, eta, bapatean, kolpe handiak jaso zituen aurpegian eta buruan, masailhezurra hautsita eta konorterik gabe geratuta.
Ustekabean eta bizkarretik eraso ziotenez, biktimak ezin izan zuen erasotzailea, edo erasotzaileak, identifikatu eta, atzo -hilak 5- Ertzaintzaren aurrean jarritako salaketaren arabera, Gurutzetako Ospiltaera eraman behar izan zuten, aipatutako haustura dela eta ebakuntza egin ziezaioten.
Ertzaintzak, bestalde, ikerketa abiarazi du gertatutakoaren nondik norakoak argitzeko, baina momentuz ez dute inolako atxiloketarik egin.