Gizartea -
''Eskaletasuna ez da bidea''
Eliza atarietan limosnarik ez ematea eskatu du Bilboko Elizbarrutiak
Erakundearen arabera, Elizak “pobrezia egoerak bestera konpontzeko moduak ditu. Hortaz, laguntza ekonomikoak modu eraginkorragoan bidera litezke”.
Erredakzioa
Bilboko Elizabarrutiak eliztarrei eskatu die eskaletasuna ez sustatzeko tenpluetako atarietan dauden eskaleei limosna emanda.
Gainera, salatu du azken asteetan “egoera desatseginak” jazo direla, eta kasuren batean elizkizunak bertan behera utzi ere behar izan dituztela.
Elizbarrutiaren webgunean agertzen denez, aurreko igandean, Bilboko eliza batzuetan, “eskaletasuna ez sustatzea” eskatu zuten, irakurritako oharretan. Gainera, Elizak “pobrezia egoerak beste era batera konpontzeko moduak” dituela gogorarazi zuten, hortaz, “laguntza ekonomikoak modu eraginkorragoan bidera litezke”.
“Caritasek behin baino gehiagotan gogorarazi duenez, eskaletasuna ez da konponbidea, ez dugulako arazoa ezagutzen, ez dugu konpontzen laguntzen eta menpeko pertsonak sortzen ditugu”, azpimarratu du.
Halaber, Autonomia-Indautxu inguruko parrokietan “egoera desatseginak” izan dira azkenaldian, atarietan eskatzen duten pertsonekin.
Hori dela eta, argitaratutako oharraren bidez, gertatutakoaren berri eman eta limosna ez emateko deia luzatu dute. “Duela zenbait aste 9:00etako meza bertan behera utzi behar izan zen Karmenen, elizaren barruan oihuka ari zen pertsona baten erruz. Gainera, elizatik irten edo sartu nahi zuten pertsona batzuei eragotzi diete, poltsak lapurtu dituzte…”, gaineratu dutenaren arabera.