Gizartea -
Osakidetza
Pneumokokoaren aurkako txertoa umetxoentzako doakoa izango da
Bakterio batek gaixotasuna eragiten du. Eritasunak otitisa, pneumonia edo meningitisa sor dezake. Prebentzio modurik onena txertoa jartzea da, pediatren arabera.
Erredakzioa
Haurtxoentzako txertaketa egutegian pneumokoko bakterioak sortutako infekzioak prebenitzeko Prevenar txertoa barneratzea erabaki du Osakidetzak. Horretarako urtero bi milioi euro baino gehiago bideratuko ditu Osasun Sailak.
Jon Darpon Osasun sailburuak agerraldia egin du gaur. Txertaketa egutegiak izango dituen aldaketen berri eman du Darponek. Gainera, adineko osasuntsuentzako gomendio orokor batzuk emango dituztela aurreratu du sailburuak.
Pneumokokoaren aurkako Prevenar txertoa egutegian barneratzea berritasun nagusia da; izan ere, orain arte egutegitik at zegoen. Horrela, gurasoek kostua ordaintzen zuten: 76 euro dosi bakoitzeko (hiru dosi).
Aurrerantzean, ostera, doako txertoa izango da bi, lau eta 12 hilabeteko umetxoentzako.
Bakterio batek gaixotasuna eragiten du. Eritasunak otitisa, pneumonia edo meningitisa sor dezake. Prebentzio modurik onena txertoa jartzea da, pediatren arabera.
Kostua
Txertoa iraila baino lehen ematen hasiko dira pediatren kontsultetan, eta bi milioi baino gehiagoko kostua izango du.
Txertoen aurrekontua zortzi milioi eurokoa da aurten. Hala ere, gripearen aurkako kanpainaren 1,2 milioi euroko kostua gaineratu behar zaio.