Gizartea -
C hepatitisa
C hepatitisa duten gaixoek itxialdia hasi dute Nafarroako Ospitalean
Bestalde, Marta Vera Osasun kontseilariak gaitzaren tratamenduari buruzko estrategia berriaren xehetasunak biltzen dituen dokumentua helarazi die kaltetuen elkarteei.
Erredakzioa
30 bat lagunek itxialdia hasi dute Iruñeko Bideko Ama Birjina Ospitalean, C hepatitisa duten gaixoei sendagai berria errezetatzea eskatzeko, Paco Lorca kaltetuen elkartearen bozeramaileak jakitera eman duenez.
“Botika behar duten guztiek jaso arte, protestan jarraituko dugu”, nabarmendu du. Horren harian egin duen salaketaren arabera, Nafarroako Gobernua sendagaiak irizpide ekonomikoen arabera errezetatzen ari da, “osasun irizpideak lehenetsi beharrean, Nafarroako mediku askok babestu duten bezala”.
Osasun kontseilariaren proposamena
Bestalde, Marta Vera Osasun kontseilaria C hepatitisa duten gaixoen elkarteekin batzartu da eta gaitzaren tratamenduari buruzko estrategia berriaren inguruko dokumentua helarazi die, baina ez du zehaztu noiz sartuko den indarrean, ezta horretara zenbat diru bideratuko duten ere.
Elkarteek dokumentua aztertuko dute, baina Bideko Ama Birjina Ospitalean protestan diren 30 lagunek itxialdiarekin jarraituko dute erabaki bat hartu arte.