Gizartea -
Gipuzkoa
Auzitegiak ez du onartu Zubietako erraustegiaren kontratuen salaketa
Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak La Caixa eta Santander salatu zituen, erraustegia eraikitzeko emandako kredituetan jarritako "swap" edo interes estaldura kontratuengatik.
Erredakzioa
Donostiako Auzitegiak ez du onartu Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) La Caixa eta Santander bankuen kontra jarritako salaketa. GHK-k erraustegia eraikitzeko emandako kredituetan jarritako "swap" edo interes estaldura kontratuak salatu zituen.
Kontsortzioak prentsa-ohar batean azaldu duenez, epaileak estaldura kontratu horien aplikazioa babestu du horrela. Gipuzkoako Aldundian EAJk agintzen zuenean sinatu zituzten kontratuak, hauteskundeak baino hiru hilabete lehenago, eta orain Aldundiak 400.000 euro ordaindu behar ditu hilero aipatu kontratuengatik.
Hondakinen erraustegia eraikitzeko EAJk lortu zituen kredituei aplikatzen zaizkie interesak.
Aldundiak erraustegiaren proiektua atzera bota ostean, kontsortzioak "swap" horiek baliogabetu nahi izan zituen, eta salaketa jarri zuen 2013an aipatu bi bankuen eta Price Waterhouse aholkularitza enpresaren kontra.
Salaketa jarri zuenean, Ainhoa Intxaurrandieta GHKren presidenteak esan zuen Banesto eta La Caixa kobratzen ari ziren interesak berez eman behar zuten kredituetan oinarritzen zirela, eta ez azkenean eman zuten diruan.
Izan ere, Erraustegia ez eraikitzea erabaki zenez, Kontsortzioak 10 milioi besterik ez zituen gastatu, baina "swap" kontratu horien ondorioz, 125 milioi euroren interesak ari ziren ordaintzen, diru hori bideratu behar baitzen erraustegia eraikitzeko.