Gizartea -
n-121 eta NA-115 errepideetan
Bi pertsona hil dira Nafarroan izandako bi auto istriputan
Goizaldean, gizon bat eta emakume bat hil dira Nafarroako errepideetan jazotako bi istriputan, gizona Funesen, eta emakumea Tebasen. Beste lau pertsona larri zauritu dira ezbeharrotan.
Erredakzioa
Bi pertsona hil dira igande goizaldean Nafarroan izandako bi trafiko istriputan. Lehenengo ezbeharrean, 45 urteko gizon bat hil da autoa errepidetik atera eta iraulita, Funesen. Autoaren gidariak zauri arinak izan ditu, eta baimendutako alkohol tasa gainditu duenez, bide segurtasunaren kontrako delitua eta homizidio arduragabea leporatu diote.
Handik ordu batzuetara, 6:00ak aldera, bigarren istripu bat jazo da; bertan, emakume bat hil da eta hiru lagun larri zauritu dira, N-121 errepidean (Iruñea-Tutera), Tebas-Muru Artederreta herriaren parean.
Foru Gobernuak ohar baten bidez jakinarazi duenez, lehenengo istripua 0:22ean izan da, NA-115 errepidean, 32. kilometroaren parean (Tafalla-Azkoien-Rincon de Soto), Funes herrian. Autoa errepidetik atera eta irauli egin da, eta LF.T.Y. 45 urteko azkoiendarra atera ezinik geratu da.
SOS Nafarroa Larrialdiak kudeatzeko zentroak Azkoiengo suhiltzaileak eta gune horretako mediku taldea bidali ditu. Suhiltzaileek biktima autotik atera, baina medikuek ezin izan dute salbatu.
Gidaria, 25 urteko azkoiendarra, larri zauritu da eta 0,60 mg/l-ko alkohol tasa gainditu du. Hortaz, bide segurtasunaren kontrako delitua eta homizidio arduragabea leporatu diote.
Bigarren istripuan, bi autok talka egin dute N-121 errepidean, eta, ondoren, hirugarren batek jo ditu. Auto bateko hiru bidaiariak ezin izan dira atera, eta Cordovillako eta Tafallako suhiltzaileek atera behar izan dituzte, SOS Nafarroako zerbitzuak bidali eta gero.
Gidaria, emakumezkoa, bertan hil da, eta berarekin zihoazen bi lagunek politraumatismo larriak izan dituzte. Hori dela eta, Nafarroako Ospitalera eraman dituzte anbulantzian.
Talka egin duen beste autoan zihoan pertsona bat ere larri zauritu da, eta ospitale berera eraman dute. Hirugarren autoan zihoazenak onik irten dira.
Bi gorpuak Nafarroako Medikuntza Legaleko Institutura eraman dituzte, autopsia egiteko.