Gizartea -

Trafikoa

Bi kamioilari zauritu dira Beran izandako istripu batean

Forunzaingoak eta Ertzaintzak arretaz gidatzea gomendatu dute, errepidean izotza egon daitekeelako eta hainbat lekutan elurra egin dezakeelako.

Bi kamioik talka egin dute aurrez aurre, Beran

1:01

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi kamioilari arin zauritu dira goizaldean, 05:19an, Beran izandako istripu batean. Foruzaingoak azaldu duenez, bi kamioik elkar jo dute, N-121-A errepidean, Irunerako norabidean. Ondorioz, kamioi bat errepide ertzetik maldan behera erori eta irauli egin da. Bestea, istripua izan den lekuan bertan geratu da.

SOS Nafarroako larrialdi zerbitzuetako langileek artatu dituzte bi kamioilariak. Horietako bat, 64 urteko gizonezko poloniarra, Irungo Ospitalera eraman dute, anbulantzian; buruan kolpea eta zauria zituen. Beste kamioilaria, berriz, Berako osasun-zentrora eraman dute; kolpea zuen saihetsetan.

Bi ibilgailuen arteko talkaren ondorioz, kamioietako baten gasolioa errepidean zabaldu da. Oronozko suhiltzaileek eta Berako langileek garbitu dute errepidea. Bidea 07:10 arte egon da itxita, eta, berriro ireki bitartean, Berako industrialdetik bideratu dute zirkulazioa.

Foruzaingoak eta Ertzaintzak arretaz gidatzea gomendatu dute, errepidean izotza egon daitekeelako eta hainbat lekutan elurra egin dezakeelako. Errepide sare osoa zabalik dago oraingoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko Istripuak errepideetan Trafikoa