Gizartea -
Elurra eta izotza
EAEko eta Nafarroako errepideetan kontuz gidatzeko gomendioa eman dute
EAEko mendate guztiak zabalik daude, eta Nafarroan bigarren mailako hiru errepide itxi dituzte, elurra eta izotza izateko arriskua baitago.
Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko mendate guztiak zabalik daude, baina kontuz gidatzeko gomendioa eman du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bigarren mailako 13 mendatetan, gehienak Araban, elurra eta izotza izateko arriskua dagoelako.
Nafarroan, bestalde, bigarren mailako hiru errepide itxi dituzte, elurraren ondorioz. Gainera, Nafarroako errepide guztietan kontuz gidatzeko eskatu du Foru Gobernuak.
EAEn, Segurtasun Saileko Trafiko Zuzendaritzaren web orriaren arabera, kontu handiz gidatu behar da hamahiru mendate hauetan: Aiurdin, Altube, Garate, Kruzeta, Opakua, Urduña, Bernedo, Herrera, Gatzaga eta Zaldiaran, Araban; Urraki eta Artikutza, Gipuzkoan, eta Barazar, Bizkaian.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak iragarri duenez, elur-kota 500-600 metroan kokatuko da gaur goizean, eta 700-800 metrora igoko da arratsaldean. Prezipitazio ahulak izango dira egunean zehar. Araban, izotz txikia aurreikusi du Euskalmetek.
Arabako Foru Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana du martxan, 32 behargin eta elurra kentzeko 11 makina lanean ipinita. Nafarroan, berriz, elurra kentzeko 88 makina ari dira errepideak garbitzen.
Nafarroan, Belaguako mendatean (NA-137), kateak behar dira 33. kilometrotik aurrera, Izabatik gora. 47. kilometrotik aurrera itxi egin dute aipatu errepidea.
Horrez gain, NA-2012 errepidea ere itxi egin dute, 8. kilometrotik aurrera.
Nafarroan, elurra egingo du 18:00etatik aurrera. Elur-kota 300 metroan kokatuko da gaur, 400 metrora igoko da ostegunean, eta 500 metroan amaituko du astea.