Gizartea -
Asteazkenean eta ostegunean
Alerta laranja, olatu handiengatik eta elurragatik
Gaur goizaldean korapilatuko da egoera, itsasgoran ia bost metroko olatuak izango baitira.
Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja jarriko du asteazken goizaldetik ostegunera arte, kostaldean 5 metrorainoko olatuak eta mendialdean, 700 metrotik gora, elurra espero baitute.
Kostaldea joko duen ipar-ekialdeko denboraleak olatu handiak, elurteak, euriteak eta haizeteak ekarriko ditu.
Kostan goizaldeko hirurak aldera hasiko da egoera korapilatzen, eta larrialdi zerbitzuak bereziki adi egongo dira itsasgora denean.
Bizkaiko kostan izango da egoera larriena, goizaldeko bostetan, itsasgorarekin batera, 4,71 metrorainoko olatuak izango baitira. Arratsaldean, 17:25ean, 4,5 metrorainoko olatuak izango dira, eta hurrengo itsasbeheran, 4,84 metrorainokoak.
Segurtasun Sailak osteguneko 09:00ak arte izango du indarrean itsasoko alerta laranja.
Elurra
Elurrari dagokionez, osteguneko gauerdira arte egongo da indarrean EAEn 700 metrotik gora, eta Nafarroan abisu horia izango da. Bihar, elur-kota 600-800 metro artean kokatuko da, baina behera egingo du goizaldean edo gauean, 500 metroraino, ekialdean bereziki.
Ostegunean, 500-600 metro inguruan kokatuko da elur-kota, eta 700-800era igoko da arratsaldean. Hori horrela, eta prezipitazio handiak espero direnez, metro erdi inguru elur pilatuko da 700 metrotik gora, eta, hori dela eta, alerta laranja piztu dute.
Euria
Bihar eta etzi abisu horia izango da Bizkaian eta Gipuzkoan, baina euriak eraginda, ipar isurialdean 24 orduan 60 litrotik gora botako dituelako metro koadroko, ekialdean batez ere.