Gizartea -
C hepatitisa
Darpon: 'Ez da inor sendagairik gabe geratuko kontu ekonomikoen erruz'
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Osasun sailburuak lasaitasun mezua helarazi nahi izan die C hepatitisa duen pertsonei.
Erredakzioa
Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren esanetan, C hepatitisa duten pertsonak ez dira sendagairik gabe geratuko Euskadin irizpide ekonomikoen erruz. Dena dela, gaixoak asko direnez, "lehen egunetik" guztientzako sendagairik ez dagoela ohartarazi du.
"Logikaren arabera, lehenik eta behin larrien daudenek jaso behar dute sendagaia; handik aurrera, astero kasu berriak tratuko dira", azaldu du, "Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean. "Arazo hau egunkarietatik desagertuko da aurten", aurreratu du.
Darponek lasaitasun mezua igorri die kaltedunei, eta Eusko Jaurlaritzak sendagaietarako duen aurrekontua 250 milioi eurokoa dela gogorarazi du. Gainera, partida hori handitu egin daitekeela zehaztu du.
Bestalde, Osakidetzak deitutako lan eskaintza publikoak ere izan ditu hizpide. Hain zuzen ere, 350 lanpostuko bat deitu zuten iaz, 1.000koa aurten, eta baliteke beste bat egitea 2016an.
"Sindikatuek 3.000 plaza nahi dituzte, baina ezinezkoa da, Estatuak helegitea jarriko lukeelako; dena dela, 1.500 lanpostu ez dira gutxi", adierazi du.