Gizartea -
Immigrazioa
Sestaoko alkatearen aurka jarritako salaketa artxibatu du epaileak
SOS Arrazakeriak elkarteak Josu Bergara alkatearen kontra auzitara jo zuen, zenbait etorkini erroldatzea ukatu ziela egotzita.
Erredakzioa
Barakaldoko instrukzioko bigarren epaitegiak bertan behera utzi du Josu Bergara (EAJ) Sestaoko alkatearen aurka SOS Arrazakeria elkarteak hasitako auzibidea. Udalerri horretako zenbait etorkini erroldatzea ukatu ziela leporatu zioten, baina epaileak ez du inolako prebarikazio arrastorik topatu.
Sestaoko Udalak ohar batean jakinarazi duenez, epaileak ez du zentzurik aurkitu erroldatze-prozesuan izandako atzerapena alkatearen erabaki arbitrario baten ondorio izan zela esateko.
Josu Bergarak polemika piztu zuten adierazpenak egin zituen, baina auzibide honetan erroldatze-prozesua izanda aztergai. Gainera, udalak gogora ekarri du alkateak barkamena eskatu zuela egin zituen adierazpen “desegokiengatik”.
Ebazpenak dioenez, salatutako kasu guztietan “oinarri juridikoa duten arrazoiak” izan zirela medio ukatu zirela erroldatzeak.
Erroldatzea lortzeko zenbait baldintza bete behar direla azaldu du Udalak, tartean dokumentazio zehatza entregatzea, “eta aipatu kasuetan agiri horiek ez zituzten entregatu”.
Eskatutako dokumentazioa eramanez gero, erroldatzea automatikoki gauzatzen, alkatearen baimenik eskatu gabe. Eskatutako dokumentuak eraman ezean, berriz, prozesua gelditzeko agindua dute Sestaoko udaletxean.
Erabaki honen aurka helegitea aurkezteko aukera dago.