Gizartea -

Girona

41 urteko zigorra begirale bati, 17 umeri abusuak egiteagatik

Fiskaltzak 105 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen, baina Auzitegiak murriztu egin dio zigorra, bi aringarri kontuan hartuta: egindakoa aitortu izana eta burua nahastuta zuela egin izana.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gironako Auzitegiak 41 urteko kartzela-zigorra ezarri dio Josep C. akusatuari, 2011 eta 2012 bitartean Lloret del Mar udalerrian begirale gisa jardun zuenean 4-9 urte arteko 17 umeri sexu-abusuak egitea egotzita. Fiskaltzak 105 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen akusatuarentzat, baina Auzitegiak murriztu egin dio zigorra, bi aringarri kontuan hartuta: egindakoa aitortu izana eta burua nahastuta zuela egin izana.

Dena dela, epaian jaso dutenez, 16 urte eta erdi eman beharko ditu kartzelan; izan ere, legeak ezarritakoaren arabera, delitu bat baino gehiago egotziz gero, gehienez ere zigor handienaren hirukoitza pasatu behar du kartzelan, eta hari ezarritako zigor handiena 5 urte eta erdikoa da.

Magistratu txostengileak frogatutzat eman ditu akusazioek epaiketan zehar azaldu zituzten abusu guztiak.

Espetxeaz gain, honako zigor hauek ezarri dizkio Auzitegiak: kartzelatik atera ondoren, 10 urtez egon beharko du zaintzapean aske, eta ezingo da biktimengana hurbildu. Gainera, sei urtez ezingo du adingabeekin zerikusirik duen ezein jarduera egin eta 6.000 euroko kalte-ordaina eman beharko dio biktima bakoitzari.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea