Gizartea -
Abiadura Handiko Trena
Urkulluren hitzaldia eten zuten zazpi ekintzaile epaitu dituzte
Auzia epaiaren zain geratu da. 24 eguneko “isun-zigorra” eskatu du Fiskaltzak zazpi akusatuentzat, guztira, 960 euro. Abokatuak, ostera, absoluzioa eskatu du.
Erredakzioa
Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako zazpi ekintzaile epaitu dituzte gaur Donostian, Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldi bat eteteagatik. Ingurugelak zentroen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldian, Donostian, hitza hartu zuen lehendakariak eta ekintzaileek hitzaldia eten zuten AHTren kontra protesta egiteko.
Ekitaldia azaroaren 5ean egin zuten eta 400 ikasle eta irakasle bildu ziren Gipuzkoako hiriburuaren Kursaalean.
Urkullu hitz egiten ari zen Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako plataformako zenbait kide agertokira igo zirenean. Azpiegituraren kontrako pankartak zeramatzaten eta AHTren aurka oihu egin zuten.
Auzia epaiaren zain geratu da. 24 eguneko “isun-zigorra” eskatu du Fiskaltzak zazpi akusatuentzat, guztira, 960 euro. Abokatuak, ostera, absoluzioa eskatu du manifestazio eta protesta askatasuna defendatuz.
Donostiako Justizia Jauregiaren aurrean elkarretaratzea egin dute dozenaka lagunek eguerdian, epaiketa hasi baino lehen.
"Urkullu astotik jaitsi zaitez"
Era berean, lehendakariaren eta Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen aurkako parodia egin dute ekintzaileek. Zaldi-eskultura bat inauguratu dute. Lehendakaria asto gainean azaltzen zen eta oinarrian “Urkullu astotik jaitsi zaitez” irakur zitekeen.
Mugitu! AHTren aurkako kolektiboak salatu duenez, Eusko Jaurlaritzak “jasangarria” dela dio, baina “herri honek nozitu duen azpiegiturarik suntsitzaileena bultzatzen jarraitzen du”. Ana Pastor Sustapen ministroak atzo bisita “propagandistikoa” egin zuela erantsi du kolektiboak.