Gizartea -
Hezkuntza
Espainiako Gobernuak unibertsitate graduen erreforma onartu du
Arau horrekin, unibertsitateek hiru urteko graduak eskaini ahal izango dituzte 2015-2016 ikasturtetik aurrera. Wertek familien aurrezkia goraipatu du.
Erredakzioa
Espainiako Ministroen Kontseiluak unibertsitate ofizialen araudia aldatzeko errege dekretua onartu du gaur. Hori horrela, unibertsitateek hiru urteko graduak eskaini ahal izango dituzte, lau urtekoak eskaini beharrean.
Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordeak dekretua onartu ostean azaldu duenez, araudi berriarekin, Espainiako Hezkuntza Europar Batasunekoarekin egokitzen da.
180 eta 240 kreditu artean lortu beharko dira graduak gainditzeko; beraz, ikasgai kopurua tarte horren barruan kokatuko da. Dena dela, dekretuan agertzen denez, ibilbide akademiko bakoitzean ezinbesteko jotzen diren edukiak eman beharko dituzte gradu berriek.
Bestalde, graduen aldaketarekin batera, master ikasketen araudia ere aldatu du dekretuak, master ofizialak 120 kreditura igota; hau da, bi urteren pareko kreditu kopurura igota.
Dekretuak, hala ere, eutsi egiten dio doktoretza ikasketak egiteko gutxienez 300 kreditu lortu behar izateko arauari, graduaren eta masterraren artean (bost bat urte).
Ez da derrigorrezkoa
Espainiako Unibertsitateetako Errektoreen Konferentziak, irakasleek eta ikasleek, Estatu Kontseiluarekin batera, erreforma atzera botatzeko eskatu diote Espainiako Gobernuari. Hala ere, Rajoyren Gobernuak azpimarratu du neurria ez dela derrigorrezkoa unibertsitateentzat.
Kritiken aurrean, Hezkuntza Ministerioak erantzun du Europako herrialdeetan 3, 4 eta hortik gorako graduak eta urtebete eta bi urteko masterrak daudela, eta Espainiako Estatuan lau urteko graduen eta urtebeteko masterren sistema zurruna zegoela.
Dekretuak argi adierazten omen du unibertsitateak izango direla, haien autonomia mailaren barruan, zein gradu murriztu dezaketen 180 kreditura. Gainera, neurria ezartzea ez dela derrigorrezkoa eta progresiboki egin daitekeela azpimarratu du Hezkuntza Ministerioak.
Aurrezkia
Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol ministroak esan du "ahal dugun gradu guztiak hiru urtetan utziz gero, familiek 150 milioi euro aurreztuko" lituzketela.
Araudia onartu ondorengo prentsaurrekoan azaldu duenez, Ministerioak bere kontuak egin ditu, laugarren urterik gabe gera litezkeen graduak kontuan izanda, eta aurrezkia 150 milioi eurora iritsiko litzatekeela ondorioztatu du.
Hala ere, arauaren kontra daudenek unibertsitate ikasketak garestitzea ere ekarriko duela salatu dute: orain arte, masterrak 2.700 eta 7.000 euro arteko kostua zuten, eta aurrerantzean, dekretu hori indarrean jartzen denean, 5.400–14.000 euro balioko dute (bikoitza).
Protestak
CCOO, UGT, CSI-F eta CSIG sindikatuek kontzentrazioak egin dituzte eguerdian errektore etxeen aurrean arau berria salatzeko.
Sindikatu horiek elkarrekin sinatutako adierazpenean diotenez, dekretuarekin "hezkuntza zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak izango dira unibertsitateak", eta desorekak eragingo ditu, gradu berak ikasturte kopuru desberdina izan dezakeelako aldamenean dauden bi unibertsitatetan.
Gainera, neurria "gradu berriak ebaluatu gabe" (2007an jarri ziren indarrean) hartu dutela salatu dute.