Gizartea -
Atxiloketa Irunen
Mutil bat atxilotu dute, 8 neskari sexu-abusuak egitea leporatuta
Sei kasutan, ziklomotor bat erabili omen zuen biktimengana hurbildu eta gehiegikeriak egiteko. Erasoen biktimak emakumezkoak dira, 15 eta 27 urte artekoak.
Erredakzioa
Ertzaintzak 20 urteko mutil bat atxilotu zuen ostiral gauean Irunen, urtarrilaren 4a eta 25a bitartean zortzi emakumeri sexu-abusuak egitea egotzita.
Bestalde, Ertzaintzak beste atxiloketa bat egin zuen atzo Irunen, hori ere sexu-abusuei lotuta. 41 urteko gizon bat da atxilotutua, bi emakumeri sexu-abusuak egiteaz akusatuta.
Urtarrilaren 4a eta 25a bitartean, hiru astetan, zortzi emakumezkok sexu-abusuak salatu zituzten Irunen. Delitu guztiak gizon berak egin omen zituen, eta sei kasutan ziklomotor bat erabili zuen biktimengana hurbildu eta gehiegikeriak egiteko.
Beste bi kasuetan, biktimen etxebizitzetako atarietan egin zituen erasoak. Abusuak Palmera Montero etxeetan gertatu ziren, bat izan ezik; hura Elizatxo auzoan izan zen.
Gehiegikerien biktimak 15 eta 27 urte bitarteko emakumezkoak dira, eta, kasu guztietan, bakarrik zeuden erasoaren unean. Erasotzaileak ipurdia ukitu zien, eta kasu batzuetan, indarra erabili zuen abusuak egiteko.
Ikertzaileek urtarrilaren 30ean hasi zuten susmagarria atxilotzeko operazioa, eta 22:30ean atzeman zuten ustezko erasotzailea, Eguzkitza kalean, lanean ari zela. Izan ere, atxilotuak Irungo jatetxe batean egiten du lan, ziklomotor batean janari banaketa eginez.
Ertzaintzak susmagarria identifikatu eta atxilotu egin zuen, sexu-abusuak egitea leporatuta.
Atxilotutakoaren arropetako batzuk biktimek emandako deskripzioarekin bat datoz.