Gizartea -
Gertaera
Bost pertsona intoxikatu dira Erriberrin, karbono monoxidoa arnastuta
Etxebizitza barruan karbono monoxido kontzentrazio handia zegoen, antza denez, galdararen konbustio txarra tarteko.
Erredakzioa
Adineko bikote bat eta horren hiru bilobak, guztiak ere adin txikikoak, intoxikatu dira Erriberrin (Nafarroa), karbono monoxidoa arnastuta. Zaurituen sintomak "ez dira larriak", baina Nafarroako Ospitalera eraman dituzte. Antza denez, galdararen konbustio txarrak eragin du ezbeharra.
Nafarroako Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez, zaurituek eurek deitu dute Larrialdi Zerbitzuetara gertatutakoaren berri emateko, goizeko bederatziak aldera. Adineko bikoteek azaldu dutenez, 2, 5 eta 8 urteko haurrek intoxikazio zantzuak zituzten, hala nola, zorabioak, buruko mina eta logura.
Larrialdi Zerbitzuek Tafallako suhiltzaileak eta zaintzako medikuak mobilizatu dituzte, eta bost senideak anbulantzian Nafarroako Ospitalera eraman dituzte. Gertaeraren unean, 66 eta 63 urteko senar-emazteak horien hiru bilobekin zeuden.
Suhiltzaileek karbono monoxido kontzentrazioa handia zenbatu dute, antza denez, galdararen konbustio txarra tarteko.
Bestalde, Erriberriko Udaltzaingoak eta Foruzaingoak ikerketa zabaldu dute gertaturikoa argitzeko.