Gizartea -

Denboralearen lehen eguna

Elurrak arazo ugari sortu ditu Bizkaian, Araban eta Nafarroan

Denboraleak arazoak sortzen jarraitzen du, batez ere Bizkaian, Araban eta Nafarroan. Hala ere, 18:00etatik osteguneko 06:00ak arte kamioiei EAEko errepideetan zirkulatzeko baimena eman diete.

Elurrak arazo ugari sortu ditu errepideetan. Argazkia: EiTB
Elurrak arazo ugari sortu ditu errepideetan. Argazkia: EiTB
Bilbo eta Altube arteko tartea bi ordu eta erdiz itxita egon da

1:33

I.G. / O.A. / E.L. EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Elur denboraleak arazo ugari sortu ditu errepideetan, batez ere Bizkaian. EAEko errepide-sarea irekita dago, baina Segurtasun Sailak arretaz gidatzea aholkatzen du.

Elur denboraleak Euskal Herriko errepideetan arazoak sortzen jarraitzen du, batez ere Bizkaian, Araban eta Nafarroan. Hala ere, 18:00etatik osteguneko 06:00ak arte kamioiei EAEko errepideetan zirkulatzeko baimena eman diete.

Astearte goizaldetik errepideak erabiltzeko debekua zuten kamioilariek, baina osteguneko 06:00ak arte dozenaka kamioiei zirkulatzeko baimena eman die Segurtasun Sailak arratsaldean.

Bizkaia

Errepideetako arazoez gain, Bilbo eta Gasteiz zuriz jantzita esnatu dira eta hiriburuetan ibiltzeko zailtasun ugari izan dira. Bizkaiko hiriburuan sartzeko errepideetan arazo asko izan dira. Horrela, Santo Domingo-Agirleta itxita egon da arratsaldeko bostak arte. Artxandan, Zabalbiden eta Otxarkoagan ere zailtasunak izan dira.

Gainera, Bilbobuseko zenbait lineari oztopoak jarri dizkiete izotzak eta elurrak. Datozen egunetan zailtasunak berriro izan daitezkeela ohartarazi du Bilboko Udalak.

Horrela, ostegunean eta ostiralean A-7 'Artxanda-Areatza' eta A8 'San Justi-Ametzola' lineen zerbitzua bermatzerik ez dagoela azaldu dute agintariek. Era berean, Bilboko auzorik garaienetan Bilbobuseko autobusek arazoak izan ditzaketela ohartarazi dute.

500 beharginek lan egin dute gaur hiriko kaleak garbitzen, eta 13.000 kilo gatz sakabanatu dituzte.

Bestalde, ostegun honetan Bilbo Bermeorekin eta Ermuarekin lotzen dituzten zerbitzuak indartuko dituela iragarri du Euskotrenek. Trenek 30 minutuko maiztasuna izango dutela azaldu du, autoa etxean uzten duten pertsonei zerbitzua emateko.

artxanda elurra

artxanda elurra

Artxanda. Argazkia: EiTB

Bizkaian, 600 etxebizitzak argindarrik gabe jarraitzen dute 21:00etan, Iberdrolak jakitera eman duenez. Arazoak Zornotza, Nabarniz eta Ereñoko mendialdeetan kokatzen dira. Asteazken goizean 5.000 etxebizitza argindarrik gabe geratu dira.

Bestalde, Erandioko Altzaga Ikastolak, Zeanuriko Lan Heziketa zentroak eta Artxandako Jesus Maria eta Fatima ikastetxeek bertan behera utzi dituzte eskolak.

Horrez gain, arazoak izan dira Sollubetik gidatzeko goizean; izan ere, hainbat zuhaitz errepidera erori dira eta horrek elurra kentzeko makinen lana oztopatu du. Hori dela eta, zuhaitzak botatzeko eta erretiratzeko kamioiak bertaratu dira.

Bilbo eta Gasteiz lotzen dituen AP-68 autobidea zabaldu dute arratsaldean, hainbat orduz Laudioko ordainlekuaren parean itxita egon ondoren. Izan ere, elurrak hainbat eragozpen sortu ditu Altubeko gainean eta errepidea itxi egin behar izan dute.

N-637 errepidean, Zamudion, bi ibilgailuren arteko istripuak Txorierriko korridorearen itxiera ekarri du goizean, Getxoko noranzkoan. Istripuan talka egin duten kotxeetako batek su hartu du, eta suhiltzaileek arazo ugari izan dituzte errepidea garbitzeko. Pertsona bat zauritu da.

Araba

Gasteizen, 50 pertsona artatu behar izan dituzte ospitaleetan. Elurrak eta izotzak oinezkoen erorketak eragin dituzte. Hiriko kaleetan ibiltzeko arazoak izan dira. 350 langilek eta 54 makinak egun osoa lanean eman dute.

Larrialdi egitasmoa 1 fasera igo dutela iragarri du Gasteizko Udalak eguraldi iragarpenengatik.

Elurra Gasteiz efe

Elurra Gasteiz efe

Gasteiz. Argazkia: EFE

Gipuzkoa

Gipuzkoan ere elurra bota du, batez ere mendebaldean. Ondorioz, hiriburuan ez du zuritu. Arazoak barnealdeko errepideetan izan dira. Hala ere, Debako eta Zumaiako hondartzetan elurra bota du.

Halaber, Zarautz eta Getaria arteko N-634 errepidea astearteaz geroztik itxita dago luizi bat dela eta.

Zornotzan, Ereñon, Mendexan eta Bermeon argindarrarekin arazoak dituzte oraindik. Guztira, 1.900 etxebizitza argindarrik gabe daude, baina gauean egoera normalizatzea espero du Iberdrolak.

Nafarroako zazpi errepide itxi dituzte

Nafarroako bigarren mailako zazpi errepide itxi dituzte asteazken honetan, elur-jausiak, elur-pilaketak edota elur-bisutsa egoteko dagoen arriskuagatik. N-113a ere itxi dute, urak gainezka egin ondoren.

NA-138a (Iruñea-Frantzia) itxita dago 21. eta 23. kilometroen artean, elur-jausiak izateko arriskuagatik. Elur-pilaketen ondorioz, NA-2012a (0 kilometrotik aurrera), NA-140a (38-53 kilometro artean) eta NA-2011a (0-6,7) itxi dituzte.

Elur-bisutsagatik, NA-137a itxi dute, Belaguako Mendateko 47. kilometrotik aurrera. Elurraren ondorioz, bestalde, NA-2000a eta NA-176a itxi dituzte.

A-21en (Pirinioetako Autobia), Ledea eta Esako tuneletan, zirkulazioaren etenaldi teknikoak egiten ari dira izotz-burruntziak kentzeko, eta N-113 errepidea (Iruña-Madril) itxita dago 75-77 kilometroetako tartean, Errioxako mugatik gertu, urak hartu duelako.

Elurra Orreaga efe

Elurra Orreaga efe

Orreaga. Argazkia: EFE

NA-718an derrigorrezkoa da kateak erabiltzea, 17. eta 33. kilometroen artean.

Bestalde, Iruña, Gasteiz eta Bilbo lotzen dituen Union konpainiako autobus linea eguerdian zerbitzua berriz ematen hasi da. Denboralearen ondorioz, zerbitzua bertan behera utzi behar izan dute goizean.

Elurra kentzeko 77 makina errepideetan jarriko ditu Nafarroako Sustapen Departamentuak. Hala ere, elur askorik botako ez duela diote iragarpenek, baina izotza nagusi izango da lurralde osoan. Gainera, izotza handia espero da Nafarroako erdialdean eta iparraldean.

Mendateen egoera (23:00etan berrituta)

Denboraleak EAEko 19 mendate erabat ixtera behartu du eta beste zortzitan kamioien zirkulazioa debekatuta dago, horietako batzuk errepide sare nagusian.

Bizkaia: Erabat itxita: Astorkinaga, Bikosgane, Ganguren, Kanpanzar, Larreineta eta Orontzugarai. Bestalde, Autzagane, Dima, Ubal eta Urkiola kamioentzako itxita daude eta autoek kateak behar dituzte.

Araba: Aiurdin, Altube, Azazeta, Bernedo, Gasteiz, Herrera, Kurtzeta, Opakua, Orduña eta Zaldiaran erabat itxita daude. Barrerilla, Gatzaga eta Zaldiaran itxita daude kamioientzat eta ibilgailu artikulatuentzat soilik.

Gipuzkoa: Arantzazu, Elosua, eta Gatzaga itxita daude era guztietako ibilgailuentzat.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo berriak Gernika-Lumo