Gizartea -

Europako Parlamentua

Hizkuntza Eskubideen Europar Gutuna aurkeztu du Jaurlaritzak Bruselan

Patxi Baztarrika Bruselan izan da, Europar Batasuneko lurraldeetan ofizialak diren hizkuntzei Europako erakundeetan ofizialtasuna ematea aldarrikatzen duen bide orria aurkezten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak Europako Hizkuntza Dibertsitatearen aldeko Bide Orriaren aurkezpen ekitaldia itxi du gaur eguerdian, Bruselan, Europako Parlamentuan. Orain, Europako erakundeek eta ordezkariek kontsultarako aldi bat izango dute, testuari euren ekarpenak egiteko.

Saio honetan, Eusko Jaurlaritzarekin batera Bide Orria egin duten europar ordezkariek ere hitz egin dute: Meirion Jones NPLD sarearen zuzendari exekutiboa, galestarra, Jannewietske de Vries erakunde sare horren presidentea, Frisiako (Herbehereak) Probintzia Autonomokoa, eta Joe McHugh Gaeltachteko, irlanderaz hitz egiten den eremuko, gaiez arduratzen den irlandar ministroa.

Hitzaldiaren amaieran, Baztarrikak Europako Parlamentuan Hizkuntza Eskubideen Europar Gutuna martxan jartzea proposatu du, eta bertan jasotakoa Europar Batasun osoan aplikatzea. “Kontuan izan behar dugu europar herritarrei hizkuntza eskubide batzuk dagozkiela eta horiek babestu egin behar direla”, esan du proposamena aurkezteko.

Baztarrikak hiru mezu azpimarratu ditu bere agerraldian. “Europako Batasunak hizkuntza aniztasunarekin duen konpromisoa berretsi eta gaurkotzeko ordua da”, esan du lehenik eta behin.

Jarraian, Europako erakundeei eskatu die “hizkuntza ofiziala” eta “estatu hizkuntza” kontzeptuen artean egiten den lotura askatzea. “Europako Batasunaren erakundeek barneratu behar dute Europako hizkuntza aniztasuna estatu hizkuntzetatik harago doala. Hizkuntza aniztasuna kudeatzeko eredu demokratiko eta iraunkorra behar da. Eta Europak aitzindaria izan behar du eginkizun horretan”.

Hirugarren mezuan, Batasuneko erakundeei eta bereziki Europako Batzordeari eskaera egin die, hizkuntza politika propioa har dezaten, “iraunkortasuna ardatz duen diskurtso berri baten gainean bermatua, eta aniztasun hori bera sustatzeko neurri aktiboak gauzatzen dituena”. Hizkuntza minorizatuen erabilera benetan sendotzen lagunduko duen hizkuntza politika propio bat, kontuan izanik hizkuntza minorizatu horiek ez direla beti minoritarioak, eta jakinik, baita ere, Europako lurralderen batean ofizialak direla “lurraldeetako hizkuntza” edo “hizkuntza ertainak” deitu ohi diren europar hizkuntza horiek, hala baitira, adibidez, katalana, galiziera, galesa, frisiera edota euskara bera”.

Neurri zehatzak

Europako Hizkuntza Aniztasunerako Bide Orriari gaur ireki zaion kontsulta epe berriaren aurrean, Patxi  Baztarrikak neurri zehatzen bila hasteko premia ere aurkeztu die kide europarrei. Adibide gisa, lau proposatu ditu: Europako Curriculum Vitae Elektronikoak (Europass) onartzen dituzten hizkuntzen kopurua zabaltzea, Europan itzultzaile beharrei erantzuten dien “Juvens Traslatores” programan hizkuntza gehiagori leku egitea, “beste hizkuntzetako” banku terminologiko publikoak IATEren datu basean sartzea eta Erasmus+ programaren Hizkuntza Laguntzarako Plataforman, 24 hizkuntza ofizialez gain, hizkuntza gehiago ere eskaintzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea