Gizartea -
Astelehenean desagertu zen
Hiru urteko ume baten gorpua topatu dute Malagan
Goizeko ordu bata inguruan agertu da, urmael batean, hiriburutik 15 bat kilometrora. Gurasoek desagerpenaren lau bertsio eman zituzten.
Erredakzioa
Astelehenean Rincon de la Victoria (Malaga) udalerrian desagertutako hiru urteko mutikoaren gorpua topatu dute, Andaluziako 112 zerbitzutik Europa Press albiste agentziari baieztatu diotenez.
Malagako Sur egunkariaren arabera, gorpua goizeko ordu bata inguruan agertu da, urmael batean, hiriburutik 15 bat kilometrora, Malagako Mendietan, heltzeko oso zaila den gune batean.
Gurasoek agenteei laugarren bertsioa eman eta gero agertu da umearen hilotza. 112 zerbitzuak 17:15ean izan zuen desagerpenaren berri.
Umearen amaren bikotekidea Guardia Zibilaren polizia-etxera eraman zuten astelehenean, deklaratzera, gertatutakoaren hainbat bertsio eman eta gero. Haurra herriko merkataritza zentro batean desagertu zela esan zuen hasieran, baina segurtasun kamerek argi erakutsi zuten umea ez zela bertan egon.
Ondoren, Cala del Moral hondartzan galdu zuela esan zuen, eta, hori dela eta, bart El Cantal izeneko amildegi batean bilatu zuten, arrokaz betetako gune batean, itsasertzeko pasealeku baten ondoan.