Gizartea -

Hegazkin hondamendia

30 urte, Oiz mendiaren tragedia jazo zela

Gaur bezalako egun batez, 1985eko otsailaren 19an, Boeing 727 batek ETBren antena bat jo zuen eta ipar-ekialdeko hegalaren kontra amildu zen. 148 lagun hil ziren.

Istripuak hilerri beldurgarria bihurtu zuen Oiz mendia. EiTB
Oiz mendiaren istripua. EiTB
Oizko tragedia, gogoan

2:38

E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

1985eko otsailaren 19a, gure herriaren historia beltzean iltzatuta geratu den data. Goiz hotz eta lainotsu hartan jazo zen Euskal Herriko hegazkin ezbehar larriena: Oiz mendiaren hondamendia.

Inauterietako astearte hartan, Madrildik arazo barik aireratu zen Boeing 727 bat, "Alhambra de Granada" izenarekin bataiatu zutena. 08:47an ekin zion bideari, 141 bidaiari eta tripulazioko 7 lagun zeramatzala. 09:35ean zen Bilboko aireportuan lur hartzekoa. Hamar minutu lehenago, Sondikako dorreak aireportura hurbiltzeko maniobra egiteko baimena eman zion komandanteari. Une horretatik aurrera gertatu zirenak eragin zuten zorigaiztoko istripua. Orduan hasi zen amesgaiztoa.

Hegazkina zegokiona baino 300 metro beherago zihoala, Oiz mendian zegoen ETBko antena baten kontra jo zuen ezker hegalak. Kolpearen ondorioz, ipar-ekialdeko hegalaren kontra amildu zen aparatua, abiada bizian (300 km/h), kilometroko eremuan zulo erraldoia utzita. Motorrek eztanda egin zuten eta hegazkina burdin kiskali eta bihurritu mordo bat eginda geratu zen.

Istripuaren lekura heldu ziren aurrenekoek irudi ikaragarria izan zuten begi aurrean:148 biktimen gorpuak bi kilometroko eremuan barreiatuta. Hilotz bakarra topatu zuten osorik hilerri beldurgarri hartan: hegazkinaren sotoan hilkutxan zeramaten zerraldo batekoa.

Istripua zerk eragin zuen argitzeko orduan, espekulazioa izan zen nagusi hasiera batean: ETAren atentatua izan zitekeela ere esan zen (garaiko agintari andana zihoazen hegazkinean), baina gerora egin zen ikerketak giza akatsak eragindako istripua izan zela ondorioztatu zuen. Hegazkinaren pilotuek gutxieneko altitudearen alerta sisteman gehiegizko konfiantza izan eta altimetroa txarto irakurri zutela ebatzi zuten ikertzaileek.

ETB2ko 'El Mundo según LND' saioak istripu lazgarri haren inguruko erreportaje bat eskainiko du gaur, 22:30etik hasita.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Aireportuko Azken Ordukoak Azken ordukoa Bizkaia Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Hegazkin istripuak gaur