Gizartea -
GALDAKAO-ETXEBARRI
Lotura-autobusen gaineko erabakia 'kutsatuta' dago, Galdakaoren ustez
Galdakaoko alkateak esan duenez, auziaz arduratu den epailea Galdakao eta Etxebarri lotzen dituen autobusak Etxebarriko herrigunera sartuz gero igaroko lukeen kaleetako batean bizi da.
Erredakzioa
Ibon Uribe (EAJ) Galdakaoko alkateak esan du Galdakao eta Etxebarriko metro-geltokia lotzen duen autobus-zerbitzuaren auzian epaileak kaleratutako ebazpena 'kutsatuta' dagoela. Metro geltokitik 700 metrora gelditu beharko du lotura-autobus horrek, Etxebarriko herrigunera sartu gabe. Auziaz arduratu den epailea, Ana Maria Martinez Navas (Administrazioarekiko Auzien Bilboko epaitegiko epailea), Galdakao eta Etxebarri lotzen dituen autobusak herrigunera sartuz gero igaroko lukeen kaleetako batean bizi da eta horrek zerikusia izan du, Uriberen ustez, azken erabakian.
Galdakaoko Udalean eman duen prentsaurrean, alkateak esan du epailearen lanerako 'gaitasuna' ez duela zalantzan jartzen, baino afera honetan kaltedunetako bat dela kontuan izanda, 'kasutik apartatu' beharko lukeela.
Bizkaiko Foru Aldundiak eta beste epaile batek aurretik onartutako kautelazko neurriak bertan behera utzi ditu Martinez Navasek, eta Etxebarriko Udalak ezarritako debekua berriro indarrean jartzea onartu du; debeku horren arabera, Galdakotik Etxebarrira doazen lotura-autobusek ezin dute metro-geltokiaren alboan aparkatu.
Hainbat hedabidek gaur kaleratu dutenaren arabera, Galdakaotik Etxebarrira doazen autobusak herrigunera sartuz gero igaroko luketen kaleetako batean bizi da Martinez Navas epailea. Hori dela eta, Galdakaoko Udala neurriak hartzea aztertzen ari da.
Etxebarriko Udalaren kontra auzi-errekurtsoa jarri du Galdakaoko Udalak. Astelehenerako kautelazko neurriren bat onartuko dela uste du Uribek, autobusek metro-geltokiaren ondoan geratzea ahalbidetuko duena.