Gizartea -

Osakidetza

Osasunean pertsonako gehien gastatzen duen erkidegoa da EAE

Lehendakariak nabarmendu duenez, Jaurlaritzak biztanleko 1.565 euro bideratzen ditu "osasun zerbitzu publiko eta unibertsala" bermatzeko.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu duenez, Espainiako Estatuan pertsonako osasunean gehien gastatzen duen erkidegoa da Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE): 1.565 euro, biztanleko.

Donostiako Ospitalean erresonantzia magnetikoak egiteko paratu duten ekipo berria aurkezteko ekitaldian egin ditu adierazpenok Urkulluk, Jon Darpon Osasun sailburuarekin batera.

Erresonantzia magnetikoak egiteko ekipo berriak 1,3 milioi euroko kostua izan du, eta urtean 10.000 gaixo artatuko ditu (asteko zazpi egunetan, ordutegi jarraituan). Makina honek kalitate handiagoko irudiak egiten ditu, eta azkarrago.

Urkulluren esanetan, Donostiako Ospitalean egindako inbertsioa "osasun zerbitzu publiko eta unibertsala" bermatzeko bidean duen "konpromisoa" betetzeko egin du Jaurlaritzak. Konpromiso horrek "lehentasuna" du bere gobernuarentzat, eta horren erakusgarri da osasunean egindako gastua, gaineratu du. Lehendakariak nabarmendu duenez, Estatuko handiena da EAEkoa, biztanleko 1.565 eurokoa.

Jon Darpon Osasun sailburua ere ildo beretik mintzatu da, eta "egungo egoera ekonomikoan Osakidetzak egin duen esfortzua" goraipatu du. Horren hitzetan, 2015eko aurrekontuetan ere agerian geratu da Jaurlaritzaren apustua, "10 eurotik 3 arlo honetara bideratuko ditugulako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Iñigo Urkullu