Gizartea -
Gertakizuna
Mozkor zegoen gidari bat ertzain bat harrapatzen saiatu da Irunen
Agenteek kopilotua ere atzeman dute, pistola elektriko bat edukitzeagatik.
Erredakzioa
Frantziako hiritartasuna duten eta auto batean zihoazen bi gizonezko atxilotu zituen atzo Etzaintzak Irunen (Gipuzkoa): bata, gidaria, mozkor gidatzeagatik eta agente bat harrapatzen saiatzeagatik, eta, bestea, pistola elektriko bat edukitzeagatik.
Atzo, 05:00etan, kaleko jantzian zegoen eta auto batean zihoan patruila batek mugimendu arraroak egiten ari zen ibilgailu bat ikusi zuen GI-6363 errepidean. Argiak itzalita zeramatzan eta aurkako noranzkoan zihoan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak azaldu duenez, ertzainek gelditzeko agindu zioten, baina autoak zibarena egin eta ihes egin zuen. Maniobra hori egin zuenean, polizien ibilgailuaren aurka egiten eta errepidean zegoen agente bat harrapatzen saiatu zen.
Ibilgailua geldiarazi eta gidaria identifikatutakoan, alkoholaren eraginpean zegoela baieztatu zuten agenteek, eta aurre egin zien, gainera. Ondorioz, atxilotu egin zuten.
Kopilotua ere atxilotu zuten, legez kanpoko arma bat edukitzea egotzita. Pistola elektriko bat atzeman zioten.