Gizartea -

Polizia-operazioa

Bizkaiko enpresetan kobrea lapurtzen zuen taldea desegin dute

Ertzaintzak sei lagun atxilotu ditu eta 90.000 euroko balioa zuten 17 tona kobre txirbil berreskuratu ditu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko enpresetan kobrea eta balio handiko metalak lapurtzen zituen talde bat desegin du Ertzaintzak eta sei lagun atxilotu ditu, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Operazioa zabalik dago eta baliteke lagun gehiago atxilo hartzea.

Ertzaintzaren Bizkaiko Ikerketa Kriminalerako Lurralde Zerbitzuak abiatu zuen ikerketa 2014ko urrian. Ezkerraldeko (batez ere Santurtzin, Sestaon eta Portugaleten) enpresetan kobrea eta balio handiko metalak osten zituen taldea zegoela jabetuta.

Ikerketari esker, lapurren jarduteko modua deskubritu zuten agenteek. Orain atxilo hartutakoek kamioi eta furgonetak ebasten zituzten enpresetan, gero beste lantegi batzuetan kobrea osteko. Horrez gain, gutxienez hiru aldiz,  lapurtutako ibilgailu horiek ikusi zituzten goizaldean Trapagako txatartegi batean sartzen.

Ertzaintzak txatartegian egindako ikerketaren arabera, lagun batzuk lapurreta egiteaz arduratzen ziren, eta gero, taldeko beste batzuek ebatsitako materiala erosten zuten, merkatuko preziotik behera. Ondoren, Bizkaiko beste enpresa batzuetan saltzen zituzten metalok, legaltasun itxura emateko.

Frogak bildu ostean, 22 eta 47 urte arteko sei lagun atxilotu zituen Ertzaintzak eta 17 tona kobre txirbil berreskuratu zituen. 90.000 euroko balioa zuen txirbila Mungiako enpresa batetik ostu zuten, lantegiko horman zuloa eginda.

Atxilo hartutakoek aurrekariak dituzte kobrea lapurtzeagatik. Bi laguni bortxaz ostea egotzi diete eta beste lauri, lapurreta eta errezibitze delituak leporatu dizkiete.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Delituak argazkiak