Gizartea -

Euri-denboralea

Urumearen inguruko herriak alertan, uholde arriskuagatik

Gizonezko bat hil da arratsalde honetan Arakil ibaira erorita, Arruazun (Nafarroa).

Arga ibaiak Iruñean gainezka egin dezakeen beldur da Udala. EFE
Arga ibaiak Iruñean gainezka egin dezakeen beldur da Udala. EFE
Gipuzkoa: Urumea eta Oria ibaiek gainezka egin dute

2:13

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetako euri-jausiek eta mendietan pilatutako elurra urtzeak uholdeen mamua ekarri dute berriz ere Euskal Herrira. Goizean egoera "kezkagarria" izan bada ere, arratsaldean okerrera egin du.

Egoera horren aurrean, uholdeei aurre egiteko plana, alerta mailan, abiarazi zuen asteartean Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE). Hain justu, egoera aztertzeko bilera egin du Krisi Mahaiak 16:30ean hasita. Nafarroako Foru Erkidegoan, Uholde Arriskurako Plan Berezian jasotako 1. egoera indarrean jarri du Gobernuak (0-3 bitarteko lau maila ditu). Iparraldean ere, alerta laranja ezarri dute eurite eta uholdeengatik.

Gipuzkoan bota du, dena den, euri gehien. Ostegunera arte alerta laranjan dago lurraldea, 24 ordutan metro koadroko 80 litro pila daitezkeela eta. Hala, Gipuzkoako Foru Aldundiak Larrialdi Plana abiarazi zuen asteartean.

Ibaien egoera

Bizkaian, Kadagua ibaia ubidetik atera zen bart Gueñes parean, eta Asua ibaiak gainezka egin du BI-735 errepidean, Erandioko Lutxana auzoan. Dena dela, asteazkeneko lehen orduetarako bi ibaien egoera ohikoa zen. Bilbon, Bolueta auzoan, gainezka egin du ibaiak.

Araban, Gasteizko Udalak Udal Larrialdi Plan abian jarri du, larrialdi aurreko fasean, Abetxukon (Gasteiz) Zadorrak maila laranja gainditu eta gero. Ulibarriko urtegitik 45 metro kubiko askatuta, ibaiaren egoera egonkortu nahi izan dute.

Uholdeak izan dira Mendozan (Gasteiz) eta Iruña Okan (Billoda eta Tresponde herrietan) Zadorra ubidetik irten eta gero. Hain justu, azken udalerri horretan gizon bat erreskatatu behar izan dute, uhaldiak ibilgailu barruan harrapatu baitu.

Euriteek arazo handiak eragin dituzte Gipuzkoan, eta Astigarragan eta Hernanin errumaniar taldeek dituzten kanpalekuak jendez hustu dituzte, eta GI-3410 errepidea, Hernani Goizuetarekin lotzen duena, itxi egin behar izan dute, ibaiak gainezka egin duelako.

Añarbeko Urek jakinarazi dutenez, larunbatetik gaurko 14:30 arte, 350 litro ur jaso dituzte metro koadroko.

Hilabetea amaitzeko hiru egun falta direnean, azken 44 urteetako (datuak jasotzen hasi zirenetik) bigarren otsailik euritsuena da aurtengoa. Gainera, batez beste otsailean egiten duen euriaren bikoitza egin du dagoeneko.

Bestalde, Donostiako Martutene auzoko herritarrak prest daude uholdeengatik etxetik alde egin behar izateko, Urumea ibaia larrialdi egoeran baitago puntu horretan. Gipuzkoako hiriburuko udaletik jakinarazi duenez, 4,4 metroko altuera du Urumeak Martutene parean, eta goranzko joerarekin. Horregatik, "arreta handia" eskatu die bizilagunei, ebakuaziorako prest egon daitezen.

Astigarragan eta Hernanin Urumea ibaiaren ertzean dauden kanpamentuak jendez hustu dituzte Urumeak gainezka egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez. Astigarragan ebakuatu dituzten 34 pertsonak Santiagomendi aterpetxera eraman dituzte eta Hernanin kanpamentuetatik aterarazi dituzten 20 lagunak, berriz, Gabriel Celaya ikastetxera.

Astugarraga, Urumea ibaia, campamento, kanpamentuak, txabolak, argazkia: Marta Elvira (@elviragdl)

Urumea ertzeko Astigarragako kanpamentuak jendez hustu dituzte. Argazkia: @elviragdl

Jaurlaritzak alerta laranja ezarri du Oria ibaian, Alegia parean, arratsaldeko ordubietatik aurrera, eta Oria ibaia gainezka egiteko zorian dago Andoainen. Halaber, Urola ibaiaren egoerak ere kezka eragiten du.

Oria ibaia rio. Andoain uholdeak inundaciones. foto: Imanol Fernandez

Oria ibaia Andoian parean. Argazkia: Imanol Fernandez

Nafarroan, hiru ibai dira kezka iturri: Ebro, Ega eta Arga. Lehenengoa alerta egoeran dago Mendabian eta Castejonen; bigarrena, Andosilla eta Lizarra parean eta hirugarrena, Arazurin eta Iruñan. Gainera, Baztan ibaia bere bidetik atera da Arraiozen.

Gizonezko bat hil da arratsalde honetan Arakil ibaira erorita, Arruazun (Nafarroa).

Ezbeharra 18:20 inguruan jazo da. Biktima ibai ertzetik oinez zihoan eta uretara erori da. Bizilagun batek erreskatatzea lortu du, baina Altsasutik bertaratutako mediku taldeak ezin izan du haren bizitza salbatu, erreanimatzen saiatu diren arren.

Iruñeko Udaleko Herritarren Segurtasunerako alorrak alerta egoera ezarri du Arga ibaiak gainezka egin dezakeela eta. 12:00etan segundoko 207 metro kubiko ur zeramatzan eta ur maila igotzen ari zen.

Arga río ibaia Pamplona Iruña Club Nautico inundaciones. EFE

Arga ibaia Iruñeko Klub Nautiko parean. Argazkia: EFE

Klub Nautikoan dagoen oinezkoen pasabidea itxi du Udalak, eta beste hainbat eremutan hesiak ipini ditu, urpean geratu daitezkeelakoan, hala nola, Burlata eta Kaparroso bideetan. Sarbide hauek ez daude itxita, baina ez erabiltzeko gomendioa eman dute.

Iparraldean, Errobi ibaiak gainezka egin du Uztaritzen eta Ortzaizen eta errepideetan zailtasun txikiak eragin ditu, hala nola, Donostiri eta Armendaritze artean eta Isturitze eta Aiherra artean.

Lur-jausia Donostian

Azken orduetako euri-jausien ondorioz, lur-jausiak izan dira nonahi, eta zenbait kasutan, bigarren mailako errepideak itxi behar izan dituzte.

Donostian, Easo kalea zirkulaziora itxita dago San Bartolome mendiaren hegala jausi dela eta. Luizia 02:00etan jazo da, Larramendi kaleko bidegurutzetik gertu.

Desprendimiento lur-jausia Donostia calle Easo. Foto: donostia.org

Luizia izan den gunea. Argazkia: donostia.org

Ezbeharrean ez da inor zauritu, baina zirkulazio arazo dezente eragin ditu, itxita baitago kalea. Hala, Dbuseko zenbait autobus zerbitzu desbideratu dituzte, eta ohi baino arazo gehiago izan dira Donostia inguruko errepideetan. Udal langileak kalea garbitzen ari dira eta datozen orduetan zabaltzea espero dute.

GI-3151 errepidean ere, Ataun parean, lur-jausia izan zen 20:00etan, baina gaurko 08:20rako zabaldu dute

Horrez gain, BI-3497 errepidea, Aulestin (Bizkaia) ur-putzu handia izan da eta itxita egon da 07:00ak arte.

Nafarroan, N-113 errepideko (Iruña eta Madril batzen dituena) 75. kilometroa itxita dago, baita NA-30eko (Iruñeko ingurabidea) 0,2 kilometroa (Landabengo sarbidea) ere, biak uholdeengatik. Horrez gain, suhiltzaileek lagun bat erreskatatu behar izan dute Zangozan, urak hartutako gune batean harrapatuta geratu delako.

Bestalde, Ultzama ibaiak gainezka egin du Atarrabia parean eta, ondorioz, zirkulazioan arazoak izaten ari dira. Atarrabiako Udaltzaingoak berri eman duenez, Atarrabia eta Uharte lotzen dituen errepideko errail bat itxita dago. Eragozpen hori dela eta, arratsaldeko hiruraz geroztik L4H autobus lineak bere ibilbidea aldatu du eta autobusa ez da San Andreseko eta Martiketeko geltokietan geldituko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Albisteak Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Denboraleak albisteak Eguraldia Bilbao