Gizartea -

Greba

13.000 ikaslek unibertsitate erreformaren aurka protesta egin dute

Mobilizazioen amaieran istiluak izan dira. Pertsona bat zauritu da Gasteizen. Bilbon, pertsona bat atxilotu eta beste bat inputatu dute desobedientziagatik.

Argazkia: EiTB
Argazkia: EiTB
Greba eta protesta eguna unibertsitatean

1:32

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

13.000 ikaslek unibertsitate erreformaren aurka protesta egin dute gaur, Euskadin, Ikasle Abertzaleak sindikatuak jakitera eman duenez.

Manifestazioak egin dituzte goizean, Bilbon eta Gasteizen. Espainia osoan greba deitu dute unibertsitate publikoa defendatzeko, eta hiru urteko graduak arautzen dituen legediaren kontra protesta egiteko.

Mobilizazioen amaieran istiluak izan dira. Pertsona bat zauritu da Gasteizen. Bilbon, pertsona bat atxilotu eta beste bat inputatu dute desobedientziagatik eta Ertzaintza iraindu eta mehatxatzeagatik.

Arabako campusean ezezagunek zazpi edukiontzi gurutzatu dituzte eta horietako bati su eman diote. Gainera, harriak, botilak, bengalak eta petardoak jaurti dituzte.

Istiluak bukatu eta gero, Gasteizko Udalaren garbiketa zerbitzuek 40 kilo harri garbitu dituzte; izan ere, manifestariek espaloietako zintarriak hautsi dituzte ertzainen aurka jaurtitzeko, Udaleko iturriek jakinarazi dutenez.

Mobilizazio “jendetsua”

Ikasle Abertzaleak sindikatuaren hitzetan, mobilizazio “jendetsu eta sendoa” izan da eta euskal ikasleek “kalea hartu dute gehiengoak arbuiatzen duen” erreforma baten aurka protesta egiteko.

Manifestazioak bukatu eta gero jazo diren liskarrei garrantzia kendu die ikasleen sindikatuak, eta Ertzaintza campusetan sartzea kritikatu du.

Ertzaintzak Gasteizen zein Bilbon “eserialdi baketsuak indarkeriaz” desegin dituela salatu du Ikasle Abertzaleak sindikatuak.

Bestalde, erreformaren “inposaketaren” aurrean mobilizazioak babestu ditu ELA sindikatuak. ELAren hitzetan, erreformak “zentralizatu eta ideologikoki doktrinatu” nahi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU albisteak Grebak