Gizartea -
Gertakaria
Gizon bat atxilotu dute, Bakioko banku batean lapurretan egiteagatik
Arriskutsutzat dute, eta bere historialean hiru tiroketa eta 20 espetxeratze baino gehiago daude. Horrekin batera, beste gizonezko bat ere atxilotu dute, lapurretaren ustezko laguntzailea.
Erredakzioa
Ertzaintzak 48 eta 60 urteko bi gizonezko atxilotu ditu Sestaon eta Trapagaranen, iragan abenduan Bakioko banku batean lapurretan egitea leporatuta. Epaileak dagoeneko kartzelara bidali ditu, Segurtasun Sailak zehaztu duenez.
Atxiloketarekin batera, benetako eta gezurrezko armak, talkiak, ibilgailu bat eta arropa atzeman dituzte.
48 urteko atxilotua, Sestaon harrapatu dutena, arriskutsutzat dute; izan ere, bere historialean hiru tiroketa eta 20 espetxeratze baino gehiago daude.
Bakioko bankuko lapurreta 2014ko abenduaren 17an izan zen. Irekitzera zihoazenean, kaputxadun gizonezko batek arma batekin mehatxu egin zion zuzendariari.
Bulegoaren arduraduna lotu egin zuten, eta kutxa gotorra irekitzera behartu zuten. Hala, lapurrak 30.000 euro eraman zituen, ihes egin aurretik.