Gizartea -

Trafikoa

Lagun bat larri zauritu da Erratzun izandako istripu batean

Bizkaian, Abanto-Zierbenan, hiru lagun arin zauritu dira. Istripuaren eraginez, N-634 errepidea itxita egon da ordubetez Bilboko noranzkoan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lagun bat larri zauritu da Erratzun (Baztan, Nafarroa) eta hiru arin zauritu dira Abanto-Zierbenan (Bizkaia) azken orduetan izandako bi istriputan, Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi dutenez.

Istripu larriena bart jazo zen, 20:53an, Iruñetik Frantziara doan N-121-B errepideko 56,4 kilometroan. Orain ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, ibilgailu bat bidetik irten eta irauli egin zen.

Ibilgailuan zihoan emakumea larri zauritu zen, kolpearen ondorioz. Biktimak konortea galdu zuela eta, bertan artatu zuten medikuek, eta Nafarroako Ospitalera eraman zuten gero, anbulantzian.

Bizkaian, Abanto-Zierbena udalerrian jazotako ezbeharrari dagokionez, goizean gertatu da, 07:35ean. Bi ibilgailuk talka egin dute N-634 errepidean, Bilboko noranzkoan.

Istripuaren ondorioz, hiru lagun arin zauritu dira eta Gurutzetako Ospitalera eraman dituzte. Halaber, bidea erabat garbitu arte, errepidea itxi behar izan dute, eta, 08:15ean, errei bat zabaldu eta zirkulazioa txandaka bideratu dute, Segurtasun Saileko iturriek jakinarazi dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafiko istripuak Bizkaian Zer gertatu da Bizkaian? Nafarroa