Gizartea -
‘Science’ aldizkarian
'Homo' generoa duela 2,8 milioi urte kokatu dute zientzialariek
2013an Etiopian aurkitutako fosil batek ‘Australopithecus’aren ezaugarri primitiboak eta ‘Homo’aren modernoagoak ditu. Bost hagin osorik dituen masailezur zati bat da.
Erredakzioa
Homo generoa duela 2,8 milioi urte kokatu du zientzialari talde batek, uste zena baino 500.000 urte lehenago, hominido baten fosil bati egindako azterketaren arabera. Fosila Etiopiako aztarnategi batean topatu zuten 2013an, eta horri egindako azterketaren emaitzak gaur argitaratu ditu Science aldizkariak.
Giza eboluzioaren erlojua urte batzuk atzeratu du aurkikuntzak; izan ere, genero horren orain arteko fosil zaharrenak duela 2,3 eta 2,5 milioi urtekoak ziren.
Homo generoaren dibergentzia uste baino lehenago gertatu zela erakusten du aurkikuntzak, ikertzaileen arabera, baina espeziea zehazteko azterketa gehiago egin beharko dituzte.
Ledi-Geraru aztarnategia
2013an Etiopiako Afar estatuko Ledi-Geraru aztarnategian aurkitutako fosil batek Australopithecus-aren ezaugarri primitiboak eta Homo-aren modernoagoak ditu. Bost hagin osorik dituen masailezur zati bat da.
Fosila Hadar zonaldetik kilometro batzuetara topatu zuten. 70eko hamarkadan, Hadarren, Lucy aurkitu zuen zientzialarien beste talde batek, orain arte topatu duten Australopithecus afarensis (3,2 milioi urte) espezieko kide baten eskeletorik osoena.