Gizartea -
Istripua
Auto-ilara luzeak AP-8an Itziarren, bost ibilgailuk talka egin ostean
4 autok eta kamioi batek istripua izan dute Itziarko gasolindegiaren parean, Bilborako noranzkoan. Pertsona bat arin zauritu da.
Erredakzioa
Lau autok eta kamioi batek istripua izan dute AP-8 autobidean, Itziarren, Bilboko noranzkoan eta 6 kilometro arteko auto-ilarak sortu dira goizeko lehen orduetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez.
Ezbeharra 08:35ean gertatu da Itziarko gasolindegiaren parean eta pertsona bat arin zauritu da. Istripuaren ondorioz, autobidea erabat itxita egon da, ordu erdiz, Bilborako noranzkoan.
09:00ak aldera, errail bat ireki dute, baina auto pilaketa handiak sortu dira. Esaterako, goizeko hamarretan 6 kilometroko auto-ilarak zeuden.
Hainbat garabi eta langile lanean aritu dira bost ibilgailuak errepidetik erretiratzeko. 11:00etarako autobidea erabat ireki dute eta auto-ilarak amaitu dira.