Gizartea -
Erasoa
Atxilotu bat Oiartzunen, neska bati bekainean koska egiteagatik
Erasoa igande goizaldean gertatu da Oiartzungo diskoteka batean eta biktima ospitalera eraman dute.
Erredakzioa
19 urteko neska bat atxilotu dute igande honetan Oiartzunen, beste neska bati bekainean koska egitea eta lesioak eragitea leporatuta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak berri eman duenez.
Erasoa goizaldeko seiak laurden gutxiagotan gertatu da Oiartzungo diskoteka batean. Ertzaintzak eraso baten berri izan du eta patruila bat diskoteka horretara gerturatu da.
Behin erasoaren tokian zeudela, ertzainak diskotekako segurtasun zerbitzuarekin harremanetan jarri dira eta segurtasun langileek adierazi diete eraso bat jazo dela eta biktimak zauri larriak zituela aurpegian. Biktimak, nazionalitate frantziarreko emakumeak, odol asko zeukan aurpegian.
Antza denez, 19 urteko erasotzaileak eta biktimak eztabaida bat izan dute eta, ondoren, emakumeetako batek koska egin dio bekainean besteari eta bekain zati bat kendu dio, zauria irekiz.
Anbulantzia bat bertaratu da erasoaren tokira eta biktima ospitale batera eraman dute. Segidan, ertzainek erasotzailea identifikatu eta atxilotu egin dute.