Gizartea -
Ikerketa
39 urteko gizon baten bila dabil Ertzaintza Gernika aldean
Desagertuaren familiak asteazkenean jarri zuen salaketa, eta, azkenekoz astearte arratsaldean ikusi zutela esan diote Poliziari.
EITB.EUS
Asteartetik desagertuta dagoen 39 urteko gizon baten bila ari da Ertzaintza Gernika aldean, gaur Segurtasun Sailak eitb.eus-i jakinarazi dionez. Desagertuaren familiak asteazkenean jarri zuen salaketa, eta azkenekoz astearte arratsaldean ikusi zutela esan zioten Poliziari.
Enekoitz Bastegieta Gerrikagoitiak bizikleta denda batean egiten du lan, Gernikan. Astearte eguerdian, bizikletan ibiltzera atera zen eta dendaren erakus leihoan txartela jarri zuen arratsaldeko bostetarako itzuliko zela jakinaraziz.Iluntzean, dendako pertsiana irekita zegoela ikusi zuten lagun eta senideek. Kezkatuta, Bastegietaren etxera joan ziren, eta desagertutakoaren etxean atea zabalik eta telebista piztuta aurkitu zuten. Gainera, autoa eta bizikleta falta ziren.Segurtasun Sailak bahiketa baztertu du. Esku-artean duen hipotesi nagusia da mendian bizikletan zebilela ezbeharra izan duela. Lea Artibai eskualdeko mendietan ari dira gaztearen bila.
Ertzaintzak gezurtatu egin du sare sozialetan zabaldu diren berri batzuk: bahitu egin dutela eta zuhaitz batean lotuta aurkitu dutela zabaldu da, baina Ertzaintzak ukatu egin du.