Gizartea -
Azpiegitura
Gasteizek autobus geltoki berria du, egunero 7.000 bidaiari hartzeko
Egunero 6.800 bidaiari inguru hartuko dituela espero dute. Horretarako, 500 autobus joan-etorri espero dira lanegunetan, eta 270 jai egunetan.
Erredakzioa
Gasteizek autobus geltoki berria izango du datorren astelehenetik, martxoaren 16tik, aurrera, 16,5 milioi euroko inbertsioa egin eta gero. Egunero 6.800 bidaiari inguru hartuko dituela espero dute. Horretarako, 500 autobus joan-etorri espero dira lanegunetan, eta 270 jai egunetan.
Iñigo Urkullu lehendakaria izan da Lakuan eraiki duten azpiegitura berriaren inaugurazio ekitaldian, Javier de Andres Arabako ahaldun nagusiarekin eta Javier Maroto alkatearekin batera. Hiruek azpimarratu du erakundeen elkarlanaren garrantzia, horrelako azpiegiturak sortzeko.
Urkulluk gogora ekarri duenez, Jaurlaritzak 14 milioi euro bideratu ditu, inbertsioaren % 85, eta "merezi izan du"; izan ere, geltoki berriarekin, "Gasteizek aurrerapausoa ematen du komunikazio sarean", tranbiarekin lotuta egongo delako, eta "etorkizunari aurrera egiteko begiratzen dio, aldirietako trenaren, Abiadura Handiko Trenaren eta Forondako Aireportuaren proiektuekin".
Javier Maroto alkateak gogorarazi du geltokiaren atzetik daramatela denbora asko bai hiriak bai herritarrek, eta "desberdinen artean gauzak egiteko eredu" dela azpimarratu du.