Gizartea -

Gertakaria Nafarroan

Adingabe batek ikaskide bati labana batekin eraso egin dio Tuteran

Erasoa martxoaren 11n gertatu zen eta biktimak, gurasoek lagunduta, salaketa aurkeztu zuen Foruzaingoaren aurrean. Erasotzailea atxilotu zuten.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adingabe bat atxilotu dute Tuteran Institutuko ikaskide bati labana batekin eraso egiteagatik, Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez. Eskola amaitu eta gero, etxera itzultzen ari zirenean, eraso egin zion atxilotuak ikaskideari.

Erasoa martxoaren 11n gertatu zen eta biktimak, gurasoek lagunduta, salaketa aurkeztu zuen Foruzaingoaren aurrean.

Poliziaren ikerketaren arabera, bi adingabeek desadostasunak zituzten azken hilabeteetan. Atxilotuak biktimari mehatxu egin zion Whatsapp bidez. Sastatu behar zuela esan zion.

Eztabaida

Iragan asteazkenean, eskolatik atera eta gero, eztabaida bat izan zuten berriro bi adingabeek. Eztabaidan, arma zuri batekin hiru aldiz sastatu zuen erasotzaileak biktima. Eskuineko belarri-gingilean, lepoan eta eskuin besaburuan zauritu zuen.

Salaketa aurkeztu eta gero, atxilotua gurasoen zaintzapeko askatasunean utzi zuten, baina Adingabeen Fiskaltzak deitzen duenean epaitegietan agertu beharko du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Tutera