Gizartea -

Trafikoa

Normaltasuna nagusi EAEko errepideetan, mendate guztiak ireki ostean

Hala ere, Altubeko mendatearen eta Gasteizen arteko N-622 errepidean zuhurtziaz gidatzeko gomendatu dute. Elurragatik ezarritako abisu horia bertan behera utzi ditu.

Arabako Aldundiak Neguko Bide-zaintza Planari eutsi dio. Argazkia: EiTB
Arabako Aldundiak Neguko Bide-zaintza Planari eutsi dio. Argazkia: EiTB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko mendate guztiak ireki dituzte igande honetan, baina hainbatetan zuhurtziaz gidatzeko aholkatu dute, bertan elurra eta izotza baitaude: Azazeta, Herrera, Kurtzeta, Opakua eta Urruñako mendate arabarretan, eta Arantzazu, Arlaban, Gatzaga eta Bidania mendate gipuzkoarretan, hain zuzen ere.

Halaber, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak arreta handiz gidatzeko gomendatu du Altubeko mendatearen eta Gasteizen arteko N-622 errepidetik igarotzean, elur-prezipitazioak direla eta. Hala ere, errepide-sare nagusia irekita dago 11:00etatik.

Arabako Aldundiak Neguko Bide-zaintza Planari eutsi dio, larrialdi fasean, errepide-sarearen egoera ona mantentzeko. Horretarako, elurra kentzeko hiru makina, 10 langile eta Miñoneseko bi patruila prestatu ditu.

Abisu horia, bertan behera

Bestalde, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologia Zuzendaritzak bertan behera utzi du elurragatik ezarritako abisu horia. Igande honetan, elur-kota 700-800 metrotan kokatuko da, eta 800-1.000 metrora igoko da arratsaldean zehar.

Eguraldiaren iragarpenari dagokionez, prezipitazio arinak espero dira gaurko. Prezipitazio horiek mardulak izan daitezke kantaurialdean, baina gutxituz joango dira iluntze aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea