Gizartea -

Bilbao Marine Energy Week

Itsas energiaren 'hazkunde nabarmena' aurreikusten du Jaurlaritzak

2020tik aurrera EAEn sortzen den itsas energia kopuruak nabarmen egingo duela gora uste du Eusko Jaurlaritzak. Alor honetan 'erreferente izatea' da helburua.

Olatuen bidez energia sortzen duen Europako lehen planta jarri zuten abian Mutrikun. EFE.
Olatuen bidez energia sortzen duen Europako lehen planta jarri zuten abian Mutrikun. EFE.
Olatuen bidez energia sortzen duen Europako lehen planta jarri zuten abian Mutrikun. EFE.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Itsas energiaren garapenean Danimarka, Alemania eta Erresuma Batua dira puntako herrialdeak, baina euskal enpresak ere erreferente izateko bidean daude. Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, hainbat enpresa ari dira itsas energiaren alorrean proiektuak lantzen eta entseguak egiten. 2020tik aurrera energia mota honen "hazkunde nabarmena" aurreikusten dute adituek EAEn.

"Energia operadore handiak ditugu Euskadin; erreferentzia diren zentro teknologikoak, osagarrien punta-puntako fabrikatzaileak, itsas sektore indartsu bat… Eusko Jaurlaritzaren helburua hor posizionatzea da, itsas energiaren alorrean lehen mailan egotea", esan du Javier Marques Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari teknikoak.

Bilbao Marine Energi Week jardunaldien aurkezpenean egin ditu adierazpenok Marquesek. Itsas energiei buruzko kongresua egingo da BECen apirilaren 20tik 24ra, eta 60 adituk eta 600 ikertzailek hartuko dute parte Energiaren Euskal Erakundeak, Tecnaliak eta BECek antolatu dituzten jardunaldiotan.

Horiek aurkezteko ekitaldian esan dutenez, EAEn sortzen den energiaren % 7 berriztagarria da. Kopuru hori 2020rako % 14 izatea da helburua.

Itsas energiaren alorrean erreferentziatzat jo dituzte Mutrikuko eta Armintzako proiektuak. Olatuen bidez energia sortzen duen Europako lehen planta jarri zuten martxan Mutrikun. Armintzan, berriz, Bimep ikerketarako zentroa punta-puntako lana egiten ari da alor horretan.

2020tik aurrera egitasmo horien garapenean aurrerapen nabarmena ikusiko dugula esan dute adituek. Jose Luis Villate Tecnaliako Itsas Energien Alorreko buruak eta kongresu honetako zuzendariak esan duenez, "gaur egun, energia mota hau oso garestia da, baina ikerketaren aldeko apustua egin behar dugu; bestela, kanpoan ekoitziko dute eta etorkizunean kanpotik ekarri beharko dugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea