Gizartea -

Ikerketa

Edoskitzeak adimen-kozientea handitzen du, ikerketa baten arabera

Seme-alabei 12 hilabete baino gehiagoz bularra emateak umeen garapen kognitiboari mesede egiten dio eta handitzean soldata handiagoa izatea dakar.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Denbora luzean, 12 hilabete baino gehiagoz, edoskitzeak umeen eskolako emaitzak hobetzen ditu, baina garapen kognitiboari eta haurrak handitzean izango duen soldatari ere mesede egiten dio, The Lancet aldizkari britainiarrak argitaratutako ikerketa baten arabera.

Titia hartu zuten Brasilgo 3.500 umeri 30 urtez egindako ikerketa du oinarri baieztapenak. Horren arabera, bularra 12 hilabete baino gehiagoz hartutakoek hartu ez zutenek baino garapen kognitiboa hobea izan zuten.

"Luzaroan egindako edoskitze naturalak garunaren garapenari eta umeen inteligentziari mesede egiten dio, baina ondorio onuragarri horiek umea handitzean ere badiraute", azaldu du Bernardo Lessa Horta Brasilgo Pelotas Unibertsitateko irakasleak.

Ikerketaren arabera, "luzaroan edoskitutako ume batek adimen-koziente handiagoa izan du 30 urterekin, eskolan emaitza hobeak izango ditu eta bularra hartu ez dutenak baino gehiago kobratuko du, batez beste 98 euro gehiago hilero".

Ikerketaren ondorioak lortzeko, 1982an Pelotas herrian (Brasil) jaiotako 6.000 haurtxoren datuak aztertu dituzte Horta irakasleak eta haren lantaldeak. Horietako 3.493ri adimen-kozienteko testa egin zieten 30 urte bete zituztenean.

Adituen ustez, amaren esneak bakarra egiten duten osagaiak ditu, tartean, "garunaren garapenerako funtsezkoak diren kate luzeko gantz-azidoak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea