Gizartea -
Ordu-aldaketa
Gaurtik aurrera egunak luzeagoak izango dira udako ordutegia dela eta
Martxoaren 26an erlojuak ordubete aurreratu ditugu eta goizeko 02:00etan 03:00ak izan dira.
Erredakzioa
Guar, igandea, udako ordutegia jarri da indarrean, eta, ondorioz, erlojuak ordubete aurreratu behar izan ditugu: goizeko 02:00etan 03:00ak izan dira. Energia aurrezteko eta eguzkiaren argiari probetxu handiagoa ateratzeko egingo dugu aldaketa.
2001ean erabaki zuten ordua martxoko eta urriko azken igandeetan aldatzea.
Ordu-aldaketa 1974an zabaldu zen, petrolioaren lehen krisiarekin batera. Orduan, herrialde batzuek eguzki-argia gehiago aprobetxatzea eta argindar gutxiago kontsumitzea erabaki zuten.
Aldekoak eta kontrakoak
Ordu-aldaketarekin, Espainiako Estatuko etxebizitzetako argiztapenean 300 milioi euro inguru aurreztuko dira (batez beste, etxebizitza bakoitzeko, 6 euro, eta eraikin eta enpresa bakoitzeko, 210), Energia Dibertsifikatu eta Aurrezteko Institutuaren (IDAE) arabera.
Ordu-aldaketaren kontra dagoenik ere bada. Horien arabera, ordu-aldaketak eragin txarra dauka gizakien eta animalien osasunean, batez ere melatoninari lotuta, proteina horrek antolatzen baitu lo egiteko ohitura.
Eraginak osasunean
Aldaketak eraginak ditu gizakion gorputzean; arinak, baina osasunari lotutakoak. Adituen arabera, ondorioak behin-behinekoak dira pertsona osasuntsuen kasuan. Gorputza hiruzpalau egunetan ohitzen da udako ordutegira. Hala ere, estatistika batzuek diotenez, istripuen tasak zertxobait gora egiten du ordu-aldaketaren ondorengo egunetan.
Adituek zenbait gomendio ere ematen dituzte aldaketari ahalik eta ondoen aurre egiteko; siesta egiteko denbora murriztu eta aldaketaren aurreko egunetan 15 minutu lehenago jaikitzea, besteak beste.