Gizartea -
Nafarroa
Gizon bat hil da Lodosan, lan istripuan
Ezbeharra Las Machorras industrialdeko Germinados de Compost S.L. enpresan jazo da. Fardel bat gainean erorita hil da langilea. Hildako langilea Lizarrakoa zen eta 55 urte zituen.
Erredakzioa
Gizonezko bat hil da gaur goizean Lodosan, Las Machorras industrialdean jazotako lan istripu batean, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez.
Ezbeharra 06:42an gertatu da, langilea lasto-balak mugitzen ari zela. Dirudienez, fardel bat gainean erori zaio.
Hildako langilea Lizarrakoa zen eta 55 urte zituen, ELA sindikatuak jakitera eman duenez. Gizona Bulgariakoa zen eta lasto fardelez kargatutako kamioi bat gidatzen zuen. Ezbeharra Germinados de Compost S.L. enpresan gertatu da.
Osasun langileak bertaratu dira, baina gizonaren heriotza egiaztatu baino ezin izan dute egin. Polizia Judizialak ikerketa abiatu du, istripua nola gertatu den argitzeko.
Gorpua Nafarroako Auzitegiko Medikuntzako Institutura eraman dute, autopsia egin diezaioten.
Biktimaren lankideei eta senideei elkartasuna adierazi die ELAk. “Erantzukizunak zehazteko eta istripuaren arrazoiak argitzeko ikerketa bat berehala martxan jartzea” eskatu du sindikatu abertzaleak.
Bestalde, langilearen heriotza “irmo” deitoratu eta salatu du Nafarroako CCOOk. “Lan istripuen gaitza” salatu du CCOOk, “Nafarroan beste pertsona bat hil duelako”.