Gizartea -

Herri galdeketa

Debarrek txipa duten edukiontzien alde bozkatu dute herri galdeketan

Hala erabaki dute debarrek, hondakinak biltzeko sistema aukeratzeko, igande honetan egin den galdeketan. Parte-hartzea % 54,48koa izan da.

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Debako bizilagunek txipa duten edukiontzien aldeko hautua egin dute, hondakinak biltzeko sistema aukeratzeko, igande honetan egin duten herri galdeketan.

Guztira, 16 urtetik gorako 4.618 herritarrek zuten boto eskubidea eta horietatik 2.516 lagunek eman dute botoa. Beraz, parte-hartzea % 54,48koa izan da.

Debako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek adostu zituzten galdeketaren nondik norakoak. Hala, galdeketa loteslea izango zela erabaki zuten, harik eta parte-hartzea, gutxienez, % 25ekoa bazen. Parte-hartzeak muga hori gainditu duenez, beraz, galdeketa loteslea izango da.

Debako bizilagunek bi sistemaren artean aukeratu behar zuten: bilketa sistema mixtoa eta txip bidez kontrolatutako edukiontzien sistema. Lehendabiziko aukeran, beira, papera eta plastikoa kaleko edukiontzietan botatzea eta errefusa zein materia organikoa, berriz, kubo pertsonalizatuetan jaso eta kaleko zintzilikarioetan uztea proposatzen da. Bigarren aukeran, ostera, beira, papera eta plastikoa kaleko edukiontzietan botatzea, eta errefusa eta materia organikoa, alabaina, txiparekin kontrolatutako edukiontzietan uztea planteatzen da.

Hauteslekuak zabalik egon dira goizeko bederatzietatik gaueko zortzietara bitartean.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Deba albisteak