Gizartea -
Zierbenan (Bizkaia)
Bi metrotik gorako izurde bat hilik agertu da Arena hondartzan
'Tursiops truncatus' espezieko izurdea usteltzen hasita zegoen, eta ez zuen zauririk azalean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Tursiops truncatus espezieko 2,40 metroko izurde bat hilik aurkitu dute igande honetan Arena hondartzan, Zierbenan (Bizkaia).
Igande goizeko lehen orduetan, hondartza horretako erabiltzaile batzuek Ertzaintzari eta Udaltzaingoari deitu diete, eta Ambar Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkarteko kideak ere bertaratu dira.
Ugaztuna usteltzen hasita zegoen, eta ez zuen zauririk azalean. Hala ere, Ambar elkarteko kideen esanetan, hil aurretik egunak eman zituen ezer jan gabe.
Nekropsia egiteko laginak hartu dizkiote aurkitu duten tokian bertan, baina, adituen ustez, lehen zantzuen arabera, arazoak zituen biriketan. Laginak hartu eta gero, hondartzaren bazter batera eraman dute, eta astelehenean eramango dute bertatik.
Ambar elkartearen arabera, ohikoa izaten da espezie horretako izurdeak euskal kostaldetik ikustea, eta animalia ez ukitzeko gomendatu die herritarrei, gaixotasunak kutsa ditzakeelako.