Gizartea -
2014ko datuak
Kontsulten % 20 telefonoaren bitartez egiten dira Osakidetzan
11 milioi kontsulta artatu zituen iaz Osakidetzak, eta horietatik % 18,13 telefonoz egin zirela jakinarazi du gaur EAEko osasun zerbitzuak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
11 milioi kontsulta artatu zituen iaz Osakidetzak, eta horietatik % 18,13 telefonoz egin zirela jakinarazi du gaur EAEko osasun zerbitzuak. Guztira, bi milioi kontsulta telefonoz egin ziren medikuntzan eta erizaintzan, Antonio Arraiza Osakidetzako zuzendariak Legebiltzarrean azaldu duenez.
Arraizak agerraldia egin du gaur, O-sarean egitasmoa aurkezteko. Herritarren eta Osakidetzaren arteko harremanak “sendotu” eta “erraztu” nahi ditu aipatu proiektuak. Ordua hartu edo medikuaren aholkua eskatzeko aukerak zabalduko ditu O-sareanek.
Gero eta herritar gehiagok erabiltzen du telefonoa ordua hartu ala aholkua eskatzeko. Iaz, lehen mailako arretan 11 milioi kontsulta izan zirela nabarmendu du Arraizak. Helduen % 19k telefono bidez egin zituzten kontsultak. Pediatriaren kasuan, datua % 14koa izan da aurreko urtean. Guztira, bi milioi kontsulta egin ziren telefonoz 2014an.
Bestalde, Osakidetzaren web orriaren bitartez egindako eskaerak bikoiztu egin dira urtebetean. Izan ere, ordua web orrian eskatu dutenak % 3,5 izatetik % 8,5 izatera igaro dira.
Osasun aholkua telefonoz jasotzeko zerbitzuak ere datu onak izan ditu. Guztira, 128.000 galdera eta eskaera erantzun zituzten Osakidetzako mediku eta erizainek telefonoz.