Gizartea -
Iragarpena
Eguzkia eta giro epela, Aste Santuko oporretan nagusi
Larunbatean, tantaren bat bota dezake, baina gainerakoan eguraldi polita izango dugu Euskal Herrian.
E.GARAIKOETXEA | EITB.EUS
Eguraldia izango dute lagun Aste Santuan Euskal Herrian geratzen direnek edota bisitan datozen turistek. Euskalmeten iragarpenaren arabera, eguzkia jaun eta jabe izango da ia egun guztietan. Eguraldi kaskarrena larunbatean edukiko dugu, eta euri txikia ere bota dezake.
Aste Santuko oporrak eguzki giroarekin abiatuko ditugu, antizikloi baten eraginpean egongo baikara. Hala, zerua oskarbi egongo da eta tenperatura atseginak edukiko ditugu, 16-18 ºC artean.
Ostiralean ere, giro atsegina izango da, eta zerua urdin egongo da. Larunbatean kaskartuko da aroa, goizaldean fronte bat sartu, eta lainoak utziko ditu zeruan. Euria ere bota dezake ipar isurialdean, txikia bada ere. Hala, apirilaren 4a izango da Aste Santuko egunik txarrena, eguraldiari dagokionez. Lurraldearen hegoaldean ateri eutsiko dio; beraz, euritik ihes egin nahi dutenek Arabara edo Nafarroara jo beharko dute. Tenperatura, berriz, dezente freskatuko da.
Iganderako, baina, hobera egingo du. Egunak aurrera egin ahala, lainoak desagertzen joango dira eta ostarteak zabaltzen. Arratsaldean, eguzki giroa izango da nagusi.
Joeraren arabera, eguzkitsu eta epel (maximoak, 14-19 gradu artean) etorriko da apirilaren 6a ere.