Gizartea -
Gasteiz
Iberdrolak argindarra kendu du Errekaleor auzoan
Alderdi Popularreko Udal Gobernuak etxebizitzak hustu nahi dituela uste dute etxe-okupatzaileek. Astearte honetan hartutako neurria norabide horretan doala erantsi dute.
Radio Vitoria | EITB.EUS
Iberdrolako teknikariak Errekaleor auzoan izan dira gaur argindarra kentzeko. Poliziak teknikariak lagundu ditu. Udaleko teknikariek txostena egin zuten, martxoaren 18an auzoko hamar bat etxetan ikuskapena egin eta gero. Txostenak bi ondorio nagusi ditu: zenbait etxetako instalazio elektrikoetan irregulartasun ugari eta oso larriak daude, bizilagunen segurtasuna arriskuan jartzen dutelako, eta etxebizitzek ez dute osasun arazorik sortzen. Alderdi Popularreko Udal Gobernuak etxebizitzak hustu nahi dituela uste dute etxe-okupatzaileek.
Errekaleorreko etxebizitzen txostenak bi titular ezberdin utzi ditu. Alde batetik, instalazio elektriko eskasak dira; izan ere, suteak, istripuak, zirkuitulaburrak eta deskarga elektrikoak gertatzeko arriskua dago, Udaleko teknikarien arabera. Isolamendu eta babes neurrien gabezia nabarmendu dute teknikariek.
Instalazio oso zaharrak direla dio txostenak. Segurtasun dispositiborik ez dago eta instalazioak modu desegokian manipulatu dituzte. 30 urte baino gehiago dituen instalazio elektriko guztiak arriskutsuak dira, beharrezko ikuskapenak gainditu ez baldin badituzte. Horrela, Iberdrolako teknikariek argindarra kendu dute segurtasun arrazoiengatik, txostenaren arabera.
Bestalde, etxebizitzen garbitasuna eta osasun egoera egokia dela ondorioztatu zuten osasun eta kontsumo teknikariek martxoaren 18an. Edukiontziak, zakarrontziak eta birziklapena dagoela goraipatu zuten. Karraskaririk eta intsekturik ikusi ez zutela erantsi zuten.
Gainera, ikusitako etxebizitzek garbi daude, nahiz eta baten batek hobetu beharra izan. Horregatik, etxeek osasunerako arazoa direnik ukatu dute teknikariek.