Gizartea -
Sahararrei laguntzeko bidaia
Tindufen da Aljerreko aireportuan harrapatuta zegoen boluntario taldea
Antza denez, pilotuen grebak eragin du atzerapena eta, kasuren batean, bi egunekoa ere izan da. Boluntarioen artean, 16 bat nafar zeuden.
eitb.eus
Tindufera heldu dira dagoeneko Aljerreko Huari Bumedian Nazioarteko Aireportuan ez atzera ez aurrera zeuden boluntario taldea, hainbat orduz -kasuren batean bi egun- bertatik atera ezinik egon eta gero. Gehienak gobernuz kanpoko erakundeetako kideak ziren eta, horien artean 16 bat, nafarrak.
Sahararrei laguntza humanitarioa eramatera eta euren egoera ezagutzera doazen pertsonak dira. Nafarrez gain, Angel Oria ere badago, Alouda Kantabria Sahararren Aldeko Elkarteko presidentea; gainerakoak estatubatuarrak, espainiarrak, italiarrak eta aljeriarrak dira.
Hasieran, bazirudien aireportutik irtetea oztopatzea arazo politiko batek eragin zuela baina, antza denez, Oriak RNE irratian esan duenez, hiru ordukoa izan da eta pilotuen grebak eragin du, baina ez dituzte informatu. Goizaldeko 04:00ak aldera, aireportutik alde egitea lortu dute.
Oriaren arabera, Air Algérie hegazkin konpainiak ez die inolako azalpenik eman atzerapenaren inguruan. Izan ere, hegazkin-konpainiak txartelak saltzen "jarraitu du".